LABek ez du kaleratzerik espero Amazonen Trapagarango zentroan

Merkataritza elektronikoaren erraldoiak 13.000 lanpostu kenduko ditu aurten, lantaldea murrizteko, pandemia garaian asko handitu ondoren

Protesta bat Trapagarango lantegiaren aurrean, azaro amaieran. M. RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Amazon merkataritza elektronikoko erraldoiak 18.000 langile kaleratuko ditu aurten. Azaroan, 10.000 kaleratze iragarri zituen, eta beste 8.000 egingo dituela baieztatu zuen atzo Andy Jassy kontseilari ordezkariak. Multinazionalak erabaki hori hartu du «gaur egungo ziurgabetasun ekonomikoari aurre egiteko eta azken urteetan egindako lan kontratu kopuru handia doitzeko».

Izan ere, pandemiak gogorren jo zuen hilabeteetan gobernuek ezarri zituzten konfinamendu neurriengatik, izugarri handitu zen merkataritza elektronikoa, eta, horrekin batera, enpresa horien tamaina. Amazonek dio2020tik 2022ra bi halakotu egin duela langile kopurua, eta gaur egun 1,5 milioi behargin inguru dituela. Multinazionaleko buruak zehaztu duenez, kaleratze gehienak giza baliabideetan, Esperientzien eta Teknologien negozioetan — gailu elektroniko propioetan— eta dendetan egingo ditu.

Euskal Herrian ez du saltoki fisikorik, eta duen zentro bakarra logistikakoa da, Trapagarangoa (Bizkaia), 113 langilekoa —Ipar Euskal Herritik gertuen dagoen lantegia Morlansen dago (Biarno), Pauetik gertu—. LAB da sindikatu nagusia Trapagarangoan, eta ez du kaleratzerik espero. Gotzon Mardarats Ezkerraldeko zerbitzuen arduradunak esan duenez, ez dute inolako berririk jaso. Amazongo buruek azaldu dute urtarrilaren 18tik aurrera emango dutela kaleratzeen berri, eta enpresak «beste enplegu bat bilatzeko kanpoko laguntza» eskainiko diela kaleratutakoei.

Beste erraldoi teknologiko batzuek ere murrizketa handiak iragarri dituzte. Besteak beste, Metak, Facebook, Instagram eta Whatsapp plataformen jabeak, esan du 11.000 langile kaleratuko dituela, lantaldearen %13.

Lan itunaren alde borrokan

Trapagaranen kaleratzerik aurreikusten ez duten arren,LABeko ordezkariak gogorarazi du Amazonek «milioi askoko irabaziak» dituela, eta lanpostuei eutsi ahal diela, «baita duindu eta askoz hobeto ordaindu ere». Horren harira, gogoratu du lan hitzarmen propioa lortzeko negoziazioetan ari direla Bizkaiko zentroan, baina elkarrizketak blokeatuta daudela, zuzendaritzaren «egoskorkeria» dela eta. Abenduan, bi greba egun egin zituzten, eta LABek salaketa jarri zuen Lan Ikuskaritzan, egun horietan langileen eskubideak urratu zirelako —sindikatuaren arabera, langileak ekarri zituzten beste zentro batzuetatik, eta haietako batzuk lau lanpostutan aritzera behartu zituzten—. Enpresa batzordea hilaren 18an bilduko da berriz zuzendaritzarekin, eta langileak urtarril amaieran batzartuko dira egoera aztertzeko; oraingoz, ez dute asmorik greba gehiago egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.