Kutxabankek beste urrats bat egin du desinbertsioetan. IDE Informatica de Euskadin geratzen zitzaizkion akzioak —%10— dagoeneko saldu dizkio Accenture AEBetako enpresari, enpresa batzordeak iragarri duenez. Salmenta oso gaizki hartu dute IDEko langileen ordezkariek, uste baitute horren ondorioz beren lan baldintzak okertu egingo direla eta enpresa bera arriskuan dagoela.
BBK-k eta Accenturek sortu zuten IDE duela hogei urte inguru, gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari ziren informatika zerbitzuak emateko. BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egin zutenean, 2012an, Kutxabanken zerbitzu informatiko gehienak geratu ziren IDEren esku, eta bigarren maila batean utzi zuten Kutxak sustatutako enpresa: Ibermatica.
2017an, Kutxabankek akzioen %40 saldu zizkion Accentureri, eta uda honetan hitzartu zuen geratzen zitzaion %10 AEBetako enpresaren esku uztea, hamar urtez haren zerbitzuak kontratatzeko sinatutako akordioan.
IDEk Zamudioko parke teknologikoan du egoitza (Bizkaia), eta 320 langile ditu. Haien lan baldintzei buruzko kezka adierazi du enpresa batzordeak —CCOO, LAB eta SIE sindikatuek dute ordezkaritza—. «Salmentak euskal enpresa bat atzerriko kapitalaren esku uzten du, horrek herrialde honentzat eta bertako 320 langileentzat dakarrenarekin».
Lan baldintzak okertuko diren beldur dira sindikatuak. «Lehen neurri traumatikoa» jada hartu duelako Accenturek. Bizkaiko bulegoen hitzarmenera lotutako lan itunaren dinamikarekin «hautsi» du, eta aholkularitzetako langileen Espainiako hitzarmena «inposatu» nahi die. Negoziazio mahai bat eskatu dute langileen ordezkariek, eta hor bi eskaera egingo dituzte: IDEk gaur egun duen enpleguari eta lan baldintzei eustea, eta Bizkaiko bulegoen hitzarmenari lotutako enpresa itunak mantentzea.
Beren eskaerak plazaratzeko eta zuzendaritzari presio egiteko, CCOOk, LABek eta SIEk iragarri dute mobilizazio sorta bat hasiko dutela hurrengo asteetan. «Egungo bazkideei erakutsi nahi diegu ez gaudela prest onartzeko haien murrizketak eta etorkizuneko kaleratze posibleak».
Ibermaticaren %15 ditu
Informatica de Euskadiren parte hartzeak ez ezik, Ibermaticarenak ere saldu ditu Kutxabankek azken urteetan. Akzioen ia %48 izan zituen bankuak, baina gaur egun %15 besterik ez zaizkio geratzen.
Iazko azaroaz geroztik, Glendower funts britainiarra da Donostiako zerbitzu informatikoen enpresako akziodun nagusia, tituluen %55 erosi baitzizkion ProA Capital funtsari.
IDEko langileak haserre, Kutxabankek akziodun izateari utzi diolako
Informatica de Euskadi erabat geratuko da Accenture AEBetako enpresaren esku. Espainiako aholkularitza hitzarmena ezarri nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu