EAEko Udalen Legeak euskararen erabilerari buruz dakarren artikulu bat auzitan jarri du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeelakoan. Zehazki, Administrazioarekiko Auzien Salak ondorioztatu du legeak «gaztelania libreki erabiltzeko eskubide konstituzionala gauzatzea eragotzi» dezakeela, eta argudioak eskatu dizkie aldeei. Euskalgintzaren Kontseiluak erantzun egin dio auzitegiari, eta adierazi du «euskaldunen eskubideak murrizteko joera atzerakoia» nagusitzen ari dela: «Azken boladan hainbat auzitegitan eta oro har botere judizialean garatzen ari diren joera atzerakoiei segida ematen die Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiak».
Kontseiluak azaldu duenez, hain zuzen, maiatzean Irungo Udaltzaingorako (Gipuzkoa) lan deialdietako hizkuntza eskakizunak atzera bota zituen areto berak eman du erabakia, eta, orduan ere salatu zuenez, «botere judizialak beste behin bere eskumen bihurtu nahi du hizkuntza politika, berez dagokion debate politikoaren eta parlamentarioaren esparruetatik erauziz».
«Ofizialtasun printzipioa»
Kontseiluaren arabera, «ofizialtasun printzipioaren» aurka egiten du auzitegiak hartutako erabakiak: «Gaztelania ez diren gainerako hizkuntza ofizialek maila baxuagoko estatusa dutela berretsiko da, hau da, indarrean dagoen ofizialtasuna ez dela simetrikoa». Kontseiluaren ustez, hain zuzen, auzitegiaren «tesiek» aurrera eginez gero ,«agerian» geldituko da hizkuntza ofizialak «bi mailatan» sailkatzen dituztela: «Gaztelania eta gainerakoak». Kontseiluaren iritziz, «lehen eta bigarren mailako herritarrak bereiztea» litzateke hori.
Kontseiluak EAEko Auzitegi Nagusiaren joera «atzerakoia» salatu du
Hizkuntza politika «beste behin bere gain» hartu nahi izana egotzi dio Kontseiluak auzitegiari. «Ofizialtasun printzipioa» urratzea leporatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu