Euskaltzaindiak Hizkuntza gutxiagotuak zaindu, euskara jagon liburua aurkeztu zuen atzo, Iruñean; 23. Jagon Jardunaldietan landutakoa bildu dute bertan. Hala, Europa mendebaldeko hizkuntza gutxituen egoera aztertzen du liburuak.
2019ko urtarrilean egin zituzten jardunaldi horiek, eta helburuak zein ziren gogoratu dute: hizkuntza gutxituei buruzko ikuspegia landu eta aurreratzea beste lurralde batzuetan egiten den lana Euskal Herrikoarekin batera uztartzeko, betiere ikuspegi zientifiko egokia bilatuz. Atzo azaldu zutenez, liburuak mintegian parte hartu zuten hizkuntzalarien hitzaldiak jaso ditu.
Euskarabidearen laguntza izan dute prozesuan. Bertako zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik atzo adierazi zuenaren arabera, azterlanak «ekarpen interesgarria» egin du. Euskaltzaindiaren Jagon sailaren arduradun Sagrario Alemanek bat egin zuen harekin, eta nabarmendu zuen «gogoetarako bide ematen duen liburu baliotsua» dela argitalpena: «Europako mendebaldeko hizkuntza gutxituen egoera aztertzen du, lurralde bakoitzeko legeak nolakoak diren, eta abar». Haren irudiko, hori ezagutzea «ezinbestekoa» da etorkizunean nolako pausoak eman behar diren jakiteko: «Liburuan ikusten da adituek hainbat ikuspegi dituztela legeei buruz ari direnean. Hori bai, guztiek onartzen dute legearen zirrikituak baliatu behar direla hizkuntza gutxituak aitzinatzeko». Gaineratu zuen hitzaldiotan ahalegina egin zutela bestelako galdera batzuei ere erantzuteko.
Euskaltzaindiak liburu batean jaso du hizkuntza gutxituen azterketa
'Hizkuntza gutxiagotuak zaindu, euskara jagon' liburua aurkeztu dute. Sagrario Alemanek adierazi du gogoetarako bide ematen duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu