Ez dugu ahanzten, Oier gurekin dioen pankarta Baionako Etxepare lizeotik Baionako Auzitegiraino eraman zuten atzo goizean ikasleek. Ikastetxeko 200 bat ikasle eta langile bildu ziren atarian, Oier Oari sostengua helarazteko. Atzo pasatu zen Oa Baionako prokuradorearen aitzinetik, Frantziako Estatuan egoteko duen debekua urratu izanagatik. Prokuradoreak zigor proposamen bat egin zion: lau hilabeteko espetxe zigorra, gibelapenarekin. Oak ez du zigor hori onartu, eta, beraz, epaitua izan beharko du. «Gauden testuinguru politikoan, horrelako gauzak gainditu behar ditugu. Herria ados denean, eta erabaki duelarik gatazka honen orria itzularaztea, badirudi batzuek iraganean katramilaturik egon nahi dutela», salatu zuen Oak, prokuradorearen bulegotik ateratzean.
Amaia Rekarte haren abokatuak azaldu du prokuradorearen proposamena «Damoklesen ezpata» bat dela, «neurriz kanpokoa» dela, eta horregatik erabaki dutela ez onartzea. Bestalde, beste prozedura bat abiatua du abokatuak Parisko Auzitegian, hain zuzen, Oari urratu izana leporatzen dioten lurralde debekua ezeztatzeko. Frantziako justiziak bizi guziko lurralde debekua ezarri zionaz gero, ez du eskubiderik Iparraldean egoteko. Azken urteetan, ordea, Lapurdin bizi izan da familiarekin, eta Etxepare lizeoan egin du lan. Azaroan atxilotu zuten, bideko kontrol batean.
Epaitegira sartu zen unean, txalo zaparrada eta sostengu oihuak jaso zituen Oak. Arras «hunkiturik» agertu zen, ikasleen protestarekin: «Denen artean egoera itzuliko dugula pentsatzen dut, eta laster egunerokoan ikasleekin eta familiarekin elkartzea espero dut».
Lekuko hainbat hautetsiren babesa ere lortu du. Haren egoera salatzeko, sinadura bilketa bat abiatu dute Larresoroko herritarrek.
Oier Oak ez du onartu zigorra, eta epaiketari aurre egingo dio
Zigorra «neurriz kanpokotzat» jo dute, eta lurralde debekua baliogabetzeko eskatu diote auzitegiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu