2019. urtea ez da izan hasieran uste bezain ona Bizkaiko metalgintza sektorearentzat. «Ageriko moteltze bat» izan da, Jose Luis Lopez Gil FVEM metalgintzako enpresen Bizkaiko federazioko buruak atzo azaldu zuenez. Eten hori azken seihilekoan gertatu da bereziki, eta, batez ere, metalurgian eta produktu metalikoaren azpisektorean. Azken horretan, baina, federazioko enpresen %60 daude. Hala ere, FVEMren arabera, enpresek antzeko irabaziak izaten jarraitu dute, edo «pixka bat» hobetu dituzte, beste azpisektore guztiek hobera egin dutelako. Lanpostu sormenari buruz, hura ere espero baino apalagoa izan da, baina sortu egin dira. Ekainean, mila lanpostu berri zituzten sortuak sektorean, baina bigarren seihileko beherakadaren erruz, «bostehundik ez pasatzea» espero du Lopez Gilek. Iazko aurreikuspenetan 1.500 lanpostu inguru sortzea espero zutela esan zuten.
Bizkaiko metalgintzako sektorea %1,1 hazi zen 2019an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia baino gutxiago —datu ofiziala ez dute eman oraindik, baina %2aren ingurukoa izatea espero da—. Urte ona ez izan arren, sektoreko enpresen %36k espero baino irabazi handiagoak lortu zituzten, %29k esperotakoaren inguruan, eta %34k, berriz, gutxiago. 2020ko lehen seihilekoan 2019ko azken txanpako joera mantentzea espero du FVEMek, eta egoerak hobera egingo duela uda iristean. Oro har, enpresen %68k irabaziak espero dituzte 2020rako, eta %10ek, galerak. «Datu hori 2019koa baino hobea da, iazko inkestan %15ek espero baitzituzten galerak», zehaztu zuen federazioko buruak.
FVEMek bere afiliatuei eginiko inkesta baten bitartez egiten ditu 2020rako aurreikuspenak, eta 251k erantzun dute. Alde horretatik, enpresen %74k langile kopurua mantentzea espero dute, eta %13 dira lantaldea murriztea edo handitzea espero dutenak. Kontratazio horien %70 langile formakuntzan trebaturikoak izango dira. Sektorean 58.000 langile daude, eta %84k behin betiko kontratua dute. Inkestan, halaber, lehiakortasunari gehien eragiten dioten aldagaien inguruan galdetu diete enpresei, eta hiru hauek nabarmendu dituzte: langile kostuak, kotizazioei dagozkienak bereziki; lanaldiak eta haren araudiak (malgutasuna, aparteko orduak...), eta lehengaien kostua.
Hauteskundeak, apirilean
Lopez Gil bere presidente aldia amaitzeko zorian dago, etaFVEMek buru berria aukeratu beharko du apirilerako. Bigarren agintaldia du, eta ezin da berriz aurkeztu. Oraingoz ez dago hautagairik, baina «norbait» aurkeztea espero du. Sektoreko lan hitzarmena sinatuta egoteak hautagaitzak agertzea erraztu beharko luke. Martxo amaieran batzorde nagusiko 45 enpresak aukeratuko dituzte, eta haien ordezkariek aukeratuko dute presidente berria, apirilean.
Bizkaiko metalgintza «moteldu» egin da 2019an, baina lanpostuak sortu ditu
Ekoizpena %1,1 igo da, FVEMek espero baino gutxiago. Urteko azken txanpa ez da ona izan, eta 2020ko hasieran joera hori mantenduko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu