Siriako Kurdistanen 100.000 lagunek egin dute ihes erasoalditik

NBEren arabera, Turkiak «funtsezko azpiegituretan» kalte handiak eragin ditu bonbardaketekin

Emakume bat Ras al-Ain hiriko kale batean, atzo. STRINGER / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Hirugarren eguna bete zuen atzo Turkiak Siriako Kurdistanen hasi duen inbasioak. Turkiako agintarien eta ordezkari militarren arabera, planaren helburuak bete dituzte oraingoz, diotenez, Ras al-Ain eta Tel Abyad hiriak inguratuta dituztelako. Ehun kilometrotako distantzia dago bi hiri horien artean, eta 480 kilometro luze den mugako lerroaren erdialdean daude. SDF Siriako Indar Demokratikoen gerrako partearen arabera, ordea, herenegun inbasioan galdutako herrixka batzuk berreskuratzea lortu dute. NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du gero eta larriagoa egin dela zibilen egoera; OCHA Auzi Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera, 100.000 herritarrek egin dute ihes etxetik.

«Egoera aldakorra da, eta jendea borroketatik urrundu nahian ari da, gehienbat hegoalderantz», adierazi zuen atzo Andrej Mahecic UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren ordezkariak, Genevan (Suitza) eman zuen prentsaurrekoan. Mahecicek erran zuen Turkiak Siriako Kurdistango «funtsezko azpiegituretan» kalte handiak eragin dituela bonbardaketekin;400.000 pertsonari ur hornidura bermatzeko instalazio batean egindakoak nabarmendu zituen.

Kino Gabriel SDFren bozeramailearen arabera, Turkiak «dozenaka» zibil hil ditu bonbardaketetan, Firat agentziak atzo argitaratu zuen ohar batean dioenez. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak dio hamazazpi zibil hil dituztela asteazkenaz geroztik. Turkiako iturrien arabera, berriz, SDFk hamazazpi zibil hil ditu mugaren bertzaldeko hirietara artilleriarekin tiro eginda; Anadolu agentziaren arabera, horietako zortzi atzo hil zituzten, Nusaybinen. Gabrielek, ordea, erran zuen hilketa horiek ez direla gertatu. «Turkiaren gezurrak dira, Qamixli hirian egiten ari diren sarraskiak estaltzeko».

Nusaybini itsatsita dago Qamixli, mugaren bertzaldean, eta inguruko hiririk populatuena da. Bonbardaketak egin dizkiote, eta, horrez gain, SDFk jakinarazi zuen atzo bonba auto batekin atentatu bat egin zutela han. Gutxienez lau zibil hil zirela erran zuten, eta «Estatu Islamikoko mertzenarioei» egotzi zien erasoa. Turkiako armadak atzo argitaratu zuen parte militarraren arabera, SDFko 342 miliziano «neutralizatu» dituzte hiru egunetan —hil, zauritu edo gatibu hartu—, eta aitortu zuen bi soldadu hil direla; lehenbizikoak inbasioa hasi zuenetik.

AEBen zigor ekonomikoak

AEBek mugan zituen soldaduak erretiratu ondoren hasi zuen Turkiak inbasioa, joan den asteazkenean. Bada, Steve MnuchinAEBetako Altxorraren idazkariak atzo jakinarazi zuen Turkiaren aurkako zigor ekonomikoak prestatu dituztela. Erran zuen ez dituztela «berehala» sartuko indarrean, baina ziurtatu zuen «Turkiako ekonomia geldiarazi» dezaketela. Nazioartean gaitzespen zabala jaso du Turkiak, baina, oraingoz, Norvegia eta Finlandia baino ez dira izan neurri zehatzen bat hartu dutenak —arma esportazioak eten dituzte—. Europako Kontseiluak heldu den astean eztabaidatuko du zigorrei buruz.

Turkiako agintariak hagitz haserre daude kritikekin, eta hori agerian gelditu zen atzo Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak Istanbulen elkarrekin eman zuten prentsaurrekoan. «Segurtasuna eztabaidaezina dela dioen printzipioari jarraituz, gure uste natural eta legitimoa da gure aliatuek elkartasuna ematea. Ez da nahikoa erratea 'ulertzen ditugu Turkiaren kezka legitimoak'. Elkartasun hori modu argi eta zehatzean ikusi nahi dugu». Stoltenbergek erran zuen NATO «kezkatuta» dagoela erasoaldiak eragin dezakeen «ezegonkortasunarengatik».

Kezka horien artean nabarmendu zuen SDFk preso dauzkan EIko milaka kidek ihes egiteko arriskua. Firat agentziak argitaratu zuen bideo baten arabera, hainbatek ihes egin zuten atzo, haien presondegiak Turkiaren bonbardaketa bat jasan ondoren. Vladimir Putin Errusiako presidenteak zalantzan paratu du Ankarak inbasioarekin segituz gero EIko presoak kontrolatuko dituenik. «Turkiako armadak aitzinera egin ahala, kurduak erretiratzen ari dira. Terroristek ihes egin lezakete», erran zuen Estatu Burujabeen Erkidegoak Turkmenistanen egin zuen bilkuran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.