Euskararen erabilera sustatzeko finantza erakundeekin egindako akordioa berritu du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, duela lau urte Laboral Kutxa eta Kutxabank bankuekin egindako hitzarmena zabalduta; harekin bat egin du Bankoa Abancak ere. Hiru finantza erakunde horiek bulegoak dituzten Uemaren herrietan hartuko dituzte erabilera indartzeko neurri bereziak; zehazki, 44 herritan —30 ziren orain arte—. Atzo goizean aurkeztu zuten hitzarmen berritua Bergarako Seminarixoan (Gipuzkoa). Han izan ziren hiru finantza erakundeetako ordezkariak, Iraitz Lazkano Uemako lehendakaria eta Uemako udalerrietako zenbait alkate.
Finantza erakundeek hartutako konpromisoak zazpi puntutan zerrendatu dituzte. Harremanak euskaratzea izango da xede nagusietako bat, izan udalen eta bankuen artekoak, izan bankuek bezeroekin dituztenak. Lehenengo kasuan, komunikazioak euskaraz izan beharko duela jaso dute, eta hori bermatzeko baliabideak jasoko dituzte bi aldeek. Herritarrekiko harremanean ere euskararen presentzia ziurtatu beharko dute hiru bankuek, bai harremana aurrez aurrekoa denean, lehen hitza euskaraz eginda, eta baita komunikazioa telematikoki edo elektronikoki egiten dutenean ere. Posta elektronikoak euskaraz bidaliko zaizkie bezeroei, txartela sartu aurreko mezuak euskaraz agertuko dira kutxa automatikoetan, eta 35 urtetik beherakoei euskara hutsean bidaliko zaizkie mezuak, haiek kontrakorik adierazi ezean, besteak beste.
Neurri horiek betetzeko langileak trebatzea beharrezkoa dela iritzita, haiei begirako neurriak ere hartu beharko dituzte finantza erakundeek. Langileak «edozein lan mota euskaraz egiteko» gai izatea nahi dute, eta, hala, formakuntza eta baliabideak eskainiko dizkiete horretarako. Halaber, «lankideen hizkuntza ohituretan» ere eragin nahi dute, eta langileen arteko harremanak euskaraz izan daitezen ahaleginduko dira.
Jarraipen batzorde bat ere osatuko dute, finantza erakundeko eta Uemako ordezkariek osatua, eta «ezarritako irizpideen jarraipena» egitea izango da haren eginbeharra. Lau urteko epealdia izango du hitzarmenak, baina edonoiz luzatzeko eta amaitutzat emateko aukera izango dute sinatzaileek.
Uemako herrietan euskara lehenesteko konpromisora batu da Bankoa Abanca
Laboral Kutxak eta Kutxabankek Uemarekin egindako akordiora batu da finantza erakundea. 44 herritako finantza bulegoetan aplikatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu