Koronabirusa. Eragina ekonomian

Patronalak jarduerari eutsi nahi dio, eta sindikatuek, langileen osasunari

Aldi baterako enplegu erregulazioek 10.000 langileri baino gehiagori eragin diete Euskal Herrian

Irizarrek Adunan duen lantegian oso apala da jarduera astelehenaz geroztik. JON URBE / FOKU.
xabier martin
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Jarduera bat-batean geratzearialdi baterako enplegu erregulazioak erraztea gehitu, eta ariketa horrek emaitza bakarra eman dezake: sekula ikusi gabeko dosierren hazkundea. Hego Euskal Herriko enpresek 650 erregulazio txosten aurkeztu dituzte atzo arte Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko agintaritzen aurrean, eta dosier horiek denek 10.000 behargini baino gehiagori eragin diete. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 9.222 langileri, 552 dosierretan; Nafarroak ez du jakinarazi zenbat langile dauden lan erregulazio baten menpe, baina aldagai bi daude milatik gora izango direla kalkulatzeko: lehena, 95 dosier aurkeztu direla koronabirusaren krisiak jo duenetik, eta, bigarrena, erregulaziora jo dutenen artean Volkswagen dagoela, Nafarroako industriaren motorra, 5.000 langile ingururekin.

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak igorri die sindikatuei eta patronalari zein diren irizpideak erregulazio bat koronabirusak eragin duela jotzeko. Horretan ez dago desadostasun handirik, ordea. Jarduerak jarraitu behar duen edo ez, hor kokatu da eztabaida azken orduetan. Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak esan du «gutxieneko jarduera batek» egon behar duela enpresetan, gero susperraldi bat egongo bada, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio ez bereganatzeko maskara guztiak, eta kopuru bat utz dezala fabriketan lan egin ahal izateko.

Confebaskek jarduerarekin jarraitzearen aldeko apustu argia egin du, baita funtsezkotzat jo ez diren enpresa horietan ere. Sindikatuekin akordio bat nahi du «ahalik eta jarduera gehienari eusteko». Oso gogoan dauka azken orduetan hainbat enpresaren ekoizpenak gelditu direla sindikatuek egindako presioa tarteko; esaterako, Mercedes, Aernnova eta Sidenor. Beharginen osasuna bermatzeko ezintasunak bultzatu ditu enpresak itxiera erabakitzera.

Sindikatuek, ordea, langileen osasuna lehenesten dute jardueraren aurretik. Baina badira irizpide desberdinak haien artean ere. CCOO ados dago Tapiak egindako deialdiarekin, «baina betiere langileen osasuna bermatzen bada». ELAk eta LABek jarduera eteteko eskatu dute. ELArentzat, «ez du zentzurik patronalaren epe ertaineko interesak lehenestea langileen osasuna arriskuan jarrita». LABek gehiago eskatu du: enpresen jarduera guztia eteteko, krisi honetan estrategikotzat jo ez diren enpresa horietan salbu.

«Osasun agintariek diote lehentasuna birusaren zabalpena mugatzea dela. Benetan mugatu nahi bada, beharrezkoa da funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiak etetea, jendartearentzat ezinbestekoak ez direnak», adierazi zuen sindikatu abertzaleko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk atzo, Internet bidez zabaldutako agerraldi batean. Haren iritziz, «arduragabekeria galanta» da horrela ibiltzea. Ziurtatu zuen enpresen «egoera jasanezina» dela lantokietan, eta «tentsio handiko uneak» sortzen ari direla.

Gehiegikerien beldur

Enplegua aldi baterako erregulatzeko hartu dituzten neurriekin ere ez daude denak ados. CCOOk «gardentasuna» eskatu dio Gasteizko gobernuari, onartzen diren dosier guztiek izan dezaten lotura koronabirusaren krisiarekin. ELAk argi ikusten du «enpresen gehiegikeriak» gertatzeko ate bat zabaldu dela. LABentzat, berriz, administrazioek «patronalaren neurrira» hartu dituzte erabakiak, eta bidea zabaldu dute krisi hau «berriro» langileek pagatzeko.

Bitxia da: hori da adostasun bakarra sindikatuen eta patronalaren artean: neurriak ez dira nahikoak. Confebasken ustez, ez dute bermatu enpresen jarduerak jarraitzea, eta, sindikatu abertzaleentzat, ez dira hartu har zitezkeen neurriak langileen eta familien alde; ez dira debekatu kaleratzeak, Italian eta Grezian egin duten moduan, eta autonomoek kotizazioak ordaintzen jarraitu beharko dute, nahiz eta abantaila batzuk badituzten. «Kopuru handiak mahairatu dituzte, baina ez dute bermatu ez langileen osasuna, ez langileen babes ekonomikoa», esan zuen ELA sindikatuak. Aurreikus daiteke enpresa gehiago itxiko direla datozen egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.