Langabezia puntu erdi jaitsi da EAEn azken urtean, %7,5eraino

Eustatek dio 975.900 okupatu daudela, kopururik handiena 2008. urteaz geroztik. Soldatapekoen %78k kontratu mugagabea dute

Iker Aranburu.
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Lan merkatua ongi eusten ari zaio jarduera ekonomikoaren motelaldiari, baina bide horretan zulo batzuk ere aurkitu ohi ditu. Neurri batean holakoa izan da hirugarren hiruhilekoaren biztanleria aktiboaren inkesta, Eustatek egindakoa. Haren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 78.900 lagun zeuden lanik gabe. Aurreko hiruhilekoan baino 1.300 gehiago dira, baina duela urtebete baino 4.700 gutxiago. Ohikoa da bigarren hiruhilekotik hirugarrenera langabe kopurua handitzea. Horrenbestez, langabezia tasa %7,5ean kokatu da. 2023ko bigarren hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago da, baina 2022ko hirugarrenean baino puntu erdi gutxiago.

Langabezia erregistratuaren datuetan ez bezala, lan merkatuari buruzko inkestetan ez da alde handirik gizonen eta emakumeen artean. Lanbiden eta Nafar Lansaren langabe gisa erregistratuta daudenen ia %58 emakumeak dira; Eustatek, kontrara, gizon langabe gehiago zenbatu ditu (40.000) emakumeak baino (38.900). Langabezia tasa pixka bat handiagoa da emakumeen artean (%7,7) gizonen artean baino (%7,3), azken horietan biztanle aktiboak gehiago direlako.

Lurraldeen artean, Gipuzkoak du langabezia tasarik txikiena (%6,3), eta ondoren datoz Araba (%7,8) eta Bizkaia (%8,1). Joera hori antzematen da hiriburuetan ere: Donostiak %6,5eko tasa du; Gasteizek, %8,5; eta Bilbok, %8,8.

Gazteen artean, %16,3

Adinak aurrera egin ahala txikitu egiten da langabezia tasa: 16 eta 24 urte bitartekoen %16,3 daude lanik gabe, eta %8,6 dira 25-44 adin tartean, eta %5,7, berriz, 45 urtetik gorakoetan.

Herritartasuna ere faktore garrantzitsua da: espainiar herritartasuna dutenen %6,1 daude lanik gabe, eta espainiar herritartasuna ez dutenen %19,7.

Lana dutenen kopurua etengabe igotzen ari dela nabarmendu du Eustatek. 2023ko hirugarren hilekoan 975.900 ziren, bigarrenean baino 4.300 gehiago, eta iazko hirugarrenean baino 8.400 gehiago. Eustatek ez du halako kopururik neurtu 2008. urteaz geroztik.

Okupatuen %52 dira gizonak, eta %48 emakumeak. Zerbitzuetan aritzen dira %73,4, eta industrian, berriz, %19,9. Eraikuntzan %5,8 dira, eta lehen sektorean, %0,8 baizik ez.

Langileen %82,3 dira soldatapekoak, eta horietatik %77,9k dute lan kontratu mugagabe bat. Aldi baterako kontratu batekin edo kontraturik gabe aritzen dira beste 177.600 langile (%22,1). Azken urteetan gutxitu egin da aldi baterako kontratua dutenen kopurua; 2019ko hirugarren hilekoan, esaterako, 243.600 ziren, orduko soldatapekoen %30,9. Hau da, lau urtean ia bederatzi puntu jaitsi dela haien kopurua.

Hori bai, emakumeek lan prekaritate handiagoa jasaten dute: haien artean %24,9k dute aldi baterako kontratua; gizonen artean, %18,1ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.