2020ko joera aldatu, eta etxe salmenta %24 igo zen iaz Hego Euskal Herrian

Pandemiak eragindako etenaren ondoren, aurreko urteetako datuetara itzuli da sektorea. Nafarroan igoera nabarmenagoa izan da: %31,7

2020ko joera aldatu, eta etxe salmenta %24 igo zen iaz Hego Euskal Herrian.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko etxe merkatua %24,2 hazi zen iaz. 2020an, pandemiaren eraginez, higiezin salerosketak beherakada nabarmena izan zuen eta iazko igoera errebote efekturen ondorioa izan zen. Batezbestekoak, baina, ez ziren modu berean banatu, eta Nafarroan handiagoa izan zen gorakada: %31,7. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako igoera bateratua, berriz, %15,8koa izan zen.

27.180 etxe saldu ziren iaz Hegoaldean: 3.233 Araban; 10.864 Bizkaian; 6.604 Gipuzkoan; eta 6.479 Nafarroan. Azken hamalau urteetako kopuru handiena da, baina 2018koaren eta 2019koaren oso antzekoa: 26.352 eta 26.416 saldu ziren, hurrenez hurren. Beherakada nabarmena 2020an iritsi zen: 21.870 saldu ziren (%17,2 gutxiago). Itxialdiaren urtea izan zen, eta udaberrian merkatua erabat geldirik egon zen. Halere, haren osteko susperraldia ez da izan espero bezain handia. Esan bezala, iazko kopurua aurreko urteetatik gertu egon baitzen. Alegia, pandemiakeragindako zuloa ez zen estali.

Datuak Espainiako estatistika institutuak ematen ditu, eta, alderatzen hasita, Espainian %34,6 igo ziren salmentak. Alde estatistiko nabarmenena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuekiko dago. Dena den, hiru probintzia horietako iazko datuak ez daude pandemia aurrekoetatik oso urrun: 17.876 etxe saldu ziren 2020an; 20.530 etxe 2019an; 19.931 etxe 2018an; eta 17.324 etxe 2017an.

Estatistikek beste entresaka bat egiten dute: saldutako etxe berriak eta bigarren eskukoak. Bigarren eskuko 20.701 etxe saldu ziren hegoaldean, eta 6.479 berri. Berrietan datu deigarri bat dago, Nafarroan 2.039 saldu ziren, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 3.455. Etxe berrietako aldeen proportzioa 1,72koa da; bigarren eskukoetan, berriz, halako lau. Azken proportzio hori populazio aldearen isla errealagoa da.

Hilabetez hilabeteko bilakaerari dagokionez, irailean saldu ziren etxe gehien: 2.641. Eta urrian gutxien: 1.877. Azken hilabeteetako joera beheranzkoa izan da, batez ere Nafarroan. Abenduan saldu ziren etxe gutxien: 1.991, iaz hilabete berean saldutakoak baino 163 gehiago (%8,6 gehiago bakarrik). Alde horretatik, deigarria da Nafarroako hilabete horretako datua: 389 etxe saldu ziren, 2020ko abenduan saldutakoen kopuru bera.

INEk etxeen prezioari ere erreparatzen dio, baina iazko azken neurketa egiteke du. Gauzak hala, iazko hirugarren hiruhilekoko datua da salneurriei buruzko erreferentzia gertukoena. Irailera arteko kalkuluen arabera, Nafarroako etxeen prezioa %3,28 garestitu zen; Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoen bateratua, berriz, %2,6.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.