Mobilizazioak antolatu dituzte brebeta euskaraz egiteko eskubidearen alde

Aurtengo azterketa iragartzean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak espresuki erran du zientzia gaien probak ezin direla euskaraz erantzun

Brebeta euskaraz egitearen aldeko elkarretaratzea, 2019an. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Brebetaren azterketak euskaraz pasatu ahal izateko eskubidea aldarrikatzeko, elkarretaratzeak eginen dituzte heldu den maiatzaren 19an, Seaskak kolegioak dituen lau herrietan. Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegiokoak Urruñan elkartuko dira, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitza aitzinean; Kanbon (Lapurdi) eta Larzabalen (Nafarroa Behera), kolegio ondoko itzulguneetan, eta Baionan, Santa Izpirituko zubian. «Gure helburua da hautetsiak sentsibilizatzea, gai hau bere egin dezaten», esplikatu du Iurgi Arrizabalaga Ziburuko kolegioko kopresidenteak.

Seaskako ikasleen aldarrikapen historikoa da baxoko azterketak euskaraz egin ahal izatea. Brebetari dagokionez, 1994an lortu zen eskubide hori, eta urteetan euskaraz egin dituzte Matematikako eta Historia-Geografiako probak ikasleek. Baina 2016ankolegioetako erreforma egin zuen Frantziako Gobernuak, eta zientzia arloko gaiak gehitu zituen Brebetaren azterketara: Fisika-Kimika, Teknologia, eta Bizia eta Lur planetaren zientziak. Orduan sortu zen gatazka, horiek frantsesez egitera behartu baitzituzten ikasleak, nahiz eta euskaraz ikasi.

Lehen urtean, euskaraz idatzitako azterketak zuzentzea onartu zuen Frantziako Hezkuntza Ministerioak, baina, azken ondokoetan, kopiak bahituak, Bordelera eramanak eta euskaraz ez zekiten inspektore pedagogikoek zuzenduak izan ziren. «Irizpide gisa, zenbakiak hartu zituzten, eta latinezko erroa zuten hitzak...», salatu du Arrizabalagak.

Iaz, ez zen brebetaren azterketarik izan, osasun egoeragatik. Baina aurten antolatzeko asmoa dute, eta espresuki azpimarratu diete zientzia proba ez dutela euskaraz egiten ahal. «Indignatuak gaude», adierazi du Arrizabalagak. Mobilizatzera deitu du, ikasleen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.