Errefuxiatuak artatzen eta migratzaileei babesa ematen 25 urte egin ditu EAEko CEAR batzordeak. Espainian sortu zen erakundea, eta 1996an eratu zuen elkartearen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adarra dagoeneko erakundearekin lanean ari zen Javier Kalparsorok eta zuzenbideko ikasle talde batek. Batzordearen arabera, helburua zen «asiloa eskatzen zuten errefuxiatuen beharrak bateratuko zituen harrera integraleko euskal eredu bat bultzatzea».
Sortu zenetik, 90 herrialdetatik etorritako 40.000 pertsonatik gora artatu ditu gobernuz kanpoko erakundeak. Gainera, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban asiloa eskatutako 16.000 pertsonen herenak lagundu ditu prozedura horretan. Doako laguntza juridikoa emateaz gain, harrera eredu integral bat sustatu du erakundeak asiloa eskatzen zutenei harrera eginez, eta gizarte arloan eta partaidetzan lagunduz.
Asilo eskatzaileentzako bi zentro zabaldu zituen erakundeak 2018an eta 2019an, Oñatin eta Tolosan (Gipuzkoa). Ordura arte, asilo eskatzaile anitzek ez zuten kalean bizi bertze alternatibarik. «Lehen, Euskadin ez zegoen harrerarako toki nahikorik. Jende asko zegoen kalean asilo sisteman sartzeko zain, baina pertsona asko, beren profilagatik, sistematik kanpo geratzen ziren». Egun, 115 lagunentzako lekua dago bi zentro horietan. Gainera, erakundeak lortu du itsas portuetara iristen diren ezkutuko bidaiariek ofiziozko abokatuen laguntza izatea.
25 urte bete ditu EAEko CEAR-ek, errefuxiatuak artatzen dituen batzordeak
Sortu zenetik, erakundeak 90 herrialdetatik etorritako 40.000 pertsona baino gehiago artatu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu