Atxiloketek ez daukate etenik

Itxaso Zaldua atzeman dute, 2001eko hilketa batekin lotuta. ETA desegin zenetik, hamargarrena

Sare herritar plataformaren manifestazioa, atzo, Hernanin, Itxaso Zalduaren atxiloketa salatzeko. JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
ETA desegin zela bi urte pasatu diren arren, Espainiako Estatuak atxiloketak egiten jarraitzen du. Atzo, Itxaso Zaldua euskal preso ohia atzeman zuen, Hernanin (Gipuzkoa), ETAk 2001ean egindako hilketa batekin lotuta. ETA bukatu zenez geroztik izandako hamargarren atxiloketa izan da.

Goizean atzeman zuten Zaldua, Beasainera (Gipuzkoa) zihoala CAF enpresara lanera, eta handik Madrilera eraman zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalera. Santiago Pedraz epaileak agindu zuen operazioa, Manuel Gimenez Abad Aragoiko (Espainia) PPko presidentearen hilketarekin zerikusia duelakoan Zalduak. ETAk hil zuen Gimenez Abad, Zaragozan, 2001eko maiatzaren 6an, eta, erakundeari Frantzian ustez aurkitutako dokumentazioan, Zaldua atxilotzeko zantzuak aurkitu dituzte, Efe agentziak atzo zioenez.

2005ean ere atxilotu zuten Zaldua, Lannemezanen (Okzitania), ETAko kidea izatea egotzita, eta hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2017ko abuztuan geratu zen aske, Frantziako zigorra bete eta Espainiaratu ostean.

Salaketa eta mobilizazioak

Haren atxiloketa salatzeko, Sare herritar plataformak deituta manifestazio bat egin zuten atzo, Hernanin. Sortuk, EH Bilduk, CAFeko langile batzordeak eta enpresa horretako LABek ere gaitzetsi zuten operazioa. Sortuk Espainiako eta Frantziako estatuei eskatu die «behingoz bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua» egin dezatela. CAFeko langile batzordeak bakea eta askatasuna aldarrikatu ditu, eta enpresako langile guztiei dei egin die gaur ordubeteko (10:00-11:00) lanuzte boluntarioa egiteko eta elkarretaratzean parte hartzeko.

ETA desegin zenetik Espainiako eta Frantziako polizia indarrek eta Ertzaintzak hamar atxiloketa egiteaz gain, neurri judizial batzuk ere izan dira: herriko tabernak ixteko eta konfiskatzeko jakinarazpena; Marixol Iparragirre Espainiaratzeko eta espetxeratzeko neurria, nahiz eta ez izan kondenarik; edota Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Mikel Barriosen kartzelatzea, zigorra betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.