PAE Palestina Askatzeko Erakundea Espainiako Gobernuarekin jarri da harremanetan, CAF enpresari presio egiteko: Beasaingo konpainia Israelek Jerusalemen egitekoa duen tranbiako lanetatik erretiratzea nahi dute.
Nasser Qudwa Palestinako Atzerri ministro eta NBEko enbaxadore ohiak «kolonietan edo Israelen interesen alde» lan egiten duten enpresei boikota egiteko eskatu du, baita horien «aurkako neurriak» hartzeko ere. «Nazioarteko legedia urratzen du edozein konpainiak lurralde okupatuan negozioa egiteko saiakerak».
Ez ditu eskariak soilik egin, ordea, Atzerri ministro ohiak. Espainiako Gobernuarekin izandako harremanak emaitzarik ematen ez badu, ez du baztertu Espainiako epaitegietara jotzea, ezta nazioarteko erakundeetara jotzea ere.
Bestalde, Boikota, Desinbertsioa, Isunak (BDS) mugimenduko koordinatzaile Jamal Jumak Eferi adierazi dionez, «harritu egin gintuen enpresa hori Euskal Herrikoa izateak, Palestinako herriarekiko elkartasun handia baitago han».
Horren adibide da CAFeko langile batzordea. Beharginek aurtengo urtarrilean adierazi zioten enpresari zer jarrera zuten Jerusalemgo lanaren inguruan, proiektuaren lizitaziorako lehiaketara aurkeztu zenean: «Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu beharrik». Zehaztu zutenez, «proiektua legez kontrakoa da; bai trazatuagatik, bai diskriminatzailea delako, Palestinako lurretan kolonoek modu esklusiboan erabiltzeko izango baita». PAEk eskertu egin zien euren jarrera langileei.
Eztabaida ez da ideologikoa soilik. Jamal Jumak Jerusalemgo lehen tranbia egin zuten Alstom eta Veolia frantziarrak jarri ditu adibide gisa. Palestinaren aldeko mugimenduek 2008an hasi zuten Jerusalemgo tranbiari boikot egiteko kanpaina. Hurrengo urteetan, aipatutako bi enpresak proiektu horretatik atera ziren, eta, Jumaren arabera, eginiko presio kanpaina gogorrak «18.000 milioi euroko galera» eragin zion Veoliari: Israelekin eginiko kontratuek beste zenbait proiektutatik at utzi zuten.CAFek atzera egiten ez badu, «haren aurkako nazioarteko kanpaina zabal bat» hasiko dutela ere esan du aktibistak.
Orain arte atzera egin ez duten gutxietako bat izan da CAF; lehiakide bakarra zuen lizitazioaren azken fasean. Beren hautagaitzak kendu zituzten Alstom frantziarrak, Siemens alemaniarrak eta Bombardier kanadarrak.
Proiektu garrantzitsua
Palestinarrei kendutako lurraldean egin nahi du tranbia Israelek. NBEren ebazpenek diotenaren aurka, Jerusalem ekialdea eta Zisjordaniako hainbat kolonia batu behar ditu tranbia horrek.
CAFek abuztuaren 8an jakinarazi zuen berak eta Israelgo Saphir eraikuntza enpresak sortutako TransJerusalem J-Net Ltd partzuergoak egingo duela tranbia; haren kudeaketaz ere arduratuko da. Dirutza irabaziko du trukean: operazioaren guztizko zenbatekoa 1.800 milioi euro baino gehiagokoa da, eta, horietatik, 500 milioi inguru zuzenean dagozkio Beasaingo tren konpainiari.
Zehazki, Linea Berde berrian ibiliko diren 114 Urbos tranbia egingo ditu, eta gaur egungo Linea Gorrian zerbitzuan dauden 46 unitate zaharberritu. Halaber, CAFen esku geratuko dira linea seinaleztatzea, energia eta komunikazio sistemaz hornitzea, eta proiektua integratzea. Bi lineen kudeaketaz eta mantentze lanez ere arduratuko da Beasaingo enpresa.
CAFek atzera egin dezan, neurriak hartzeko eskatu du Palestinak
Presio kanpaina bat hasi du Palestina Askatzeko Erakundeak, eta harremanetan jarri da Madrilekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu