Argentina itolarrian da, eta zorra ordaintzeko epeak aldatu nahi ditu

Pesoa gainbeheran dago, eta Buenos Airesek epeak negoziatzeko eskaera egin dio NDFri

Pesoarekiko atzerriko diruaren kotizazioa erakusten duen panel bat, atzo, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
xabier martin
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Krisiak itolarrian dauka Argentina berriro. Mauricio Macri presidenteak aurrez aurre dauka gobernura iritsi zenetik izan den krisirik larriena, eta orain baino lehen igaro ditu bihurgune batzuk, baina ez oraingoa bezain bihurririk. Hego Amerikako herrialde horren ekonomiari pitzadura gehiegi atera zaizkio azken asteetan, eta pesoa egunez egun ari da apaltzen beste diruen aldean. Zorraren harlauza gehiegizko zama gertatzen ari zaio Macri liberalaren bide orriari, eta hura pagatzeko konpromisoak atzeratzeko eskatu du gobernuak, hala NDF Nazioarteko Diru Funtsari nola beste hartzekodun instituzionalei.

Hernan Lacunza Ogasun ministroak likidezia arazoak onartu ditu, Buenos Aires hiriburuko kaleak manifestazioek betetzen dituztela. Finantza merkatuak oso ezegonkor dabiltza, eta 60 pesotik gora aldatzen ari da jadanik dolarra. Argentinako Banku Zentralak debaluatu egin behar izan du berriro, urgentziazko neurri gisa, eta enpresa esportatzaile handiei mugak jarri dizkie pesotan finantzatzeko, dibisak sal ditzaten.

Eta zer dio NDFk zorra berriro atzeratzeko eskaerari erantzuteko? Bada, «garai konplexu hauetan» Argentinaren alboan jarraituko duela, baina «aztertzen» ari direla Macriren gobernuak hartu dituen neurriak ordainketak atzera daitezen, haien «eragina zehazteko». Dena den, oraingoz, ulerkor dago NDF: «Agintariek neurriak hartu dituzte likidezia beharrei aurre egiteko eta erreserbak gordetzeko». Lacunzak gogotsu dio Argentina «kaudimenduna» dela, baina aldi berean onartuta kutxa hutsik dagoela.

Peronisten itzulera

Alberto Fernandez peronistak hauteskunde primarioak irabazi dituenetik garairik zailena igarotzen ari da Macriren gobernua. Garaipen horrek pesoaren egonkortasunari eragin diola azaldu du Buenos Airesek; izan ere, bere zorra saltzeko arazo larriak dauzka orain, aste gutxian zorra berritzeko tasa %78tik %10era jaitsi baita. Inbertitzaileek interesa galdu dute Argentinaren zorrarekiko.

Finean, laguntza oihu ozena egin du Mauricio Macrik, krisi ekonomikoak eta politikoak amildegira bultzatu baitu. hauteskunde primarioen emaitzak erakutsi dute oso litekeena dela Macriren porrota urriko hauteskundeetan, eta horrek segurtasun sarerik gabe utzi du Cambiemos plataformako presidentegai izango dena.

Argentinak botere hutsune bat bizi duela ere esaten ari dira analistak, nahiz eta Macrik presidentetzan jarraitu. Urriko hauteskundeak iritsi arte luzapenean baitago gobernu liberala, eta behin-behinekotasun horretan argi geratzen ari da ezin diola aurre egin muturreko egoera ekonomiko eta sozial korapilatsu horri.

Herritarrak estutasun handietan daude, eta zalantza gutxi dago Macriren promesek ekarri dutenaren inguruan; baina asko dira, era berean, Kirchnerren itzalaren beldur direnak; eta, bien bitartean, inflazioa gora eta gora ari da (urteko %50), eta langabezia tasa %10etik gora dago. Beti egon da ezbaian Argentinaren gaitasuna zorra pagatzeko, baina orain inoiz baino gehiago, inbertitzaileen konfiantza galdu baita berriro. Gutxi dira uste dutenak hobekuntza laster iritsiko dela, krisia kronikoa baita Argentinan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.