Joan den astean eman zioten txertoaren lehenengo dosia lan egiten duen ospitalean, Brooklyn-en. Onkologoa da bertan, eta gustura jaso zuen txertoa, beste mediku guztiek bezalaxe. Hark adierazi didanez, erizainen erantzuna ez zen hain ahobatezkoa izan: %15 inguruk egin zioten uko txertatzeari.
Pfizerren txertoak min handia eragin zion besoan. Biharamunean logaleak egon zen egun osoan, baina gero ondo joan zen dena. Moderna-ren txertoa hartu dutenek azaldu diotenez, ziztadaren ondokoa ez da hain mingarria. Hala ere, erreakzio alergikoak izateko aukerak gehiago dira. Ez du txertoen kontrako jarrera ulertzen. Haren ustez, deus ez da bat ere arriskurik gabea, baina bada datu bat, eztabaidaezina: txertoei esker nabarmen egin du behera heriotza-tasak munduan. Batez ere, umeen artean.
Euskal Herrian ere hasia dugu txertatzeko kanpaina. Hemen ere, AEBetan legez, badira txertoaren kontrakoak. Eta ez edonolakoak, kontuz. CISek kaleratutako azken inkestak datu deigarri bat eman digu: COVID-19aren kontrako txertoen aurkakoen portzentaje handiena Vox eta EH Bilduren boto emaileen artean dago.
Voxekoen jarrerak ez nau bereziki kezkatzen; EH Bildukoenak, berriz, bai. Lagun batek esan didanez, bere herrian eztabaida handia dago ezker abertzalearen barruan, koronabirusa dela eta. Kide batzuek konplotaren teoria babesten dute; beste batzuek «zientziaren diktadura» gaitzesten dute.
Logikoa izan daiteke txerto batek hasieran mesfidantza sortzea. Interes ekonomikoak nagusi dira farmazia industrian, bai. Eta begi-bistakoa da: hartutako neurri batzuek koherentzia falta izan dute,eta gure eskubideak murriztu dituzte. Hori hala izanik ere, zalantza dut zenbait jarrera ez ote diren gizarte gero eta indibidualistagoaren isla. Egoismoa.
Izan ere, oso erraza da txertoei uko egitea, gauzak okertu edo gaixotuz gero osasun zentro publiko bat zure zerbitzuko izango duzula dakizunean. Oso polita da osasun neurri eta aholkuei barre egitea, eta, gero, sintomarik txikiena duzunean, larrialdietara jotzea. Sudango herritar pobreak ez du txertoa arbuiatzeko aukerarik; erietxera korrika joateko ere ez. Ez du txertorik; ez du ospitalerik. Miseriarik latzenean hiltzen da bazterrean.
Norberekoikeria. Ildo horretan, Nuria Cadenes kazetari eta preso politiko ohi katalanak zorrotz definitu du Llinars-en (Bartzelona) urtearen bukaeran eginiko festa rave-a: «Gorespen indibidualista postmodernoa. Balio kontestatarioen estetizazio hutsa». Eta horrela segitu du: «Festa egitea, garagardoa edo dena delakoa sartzea jarrera politiko bat, jokaera errebelde, apurtzaile eta iraultzaile bat balitz bezala».
Euskal Herriko zenbait lekutan ere egin dituzte halakoak. Bertan elkartu diren heroiek askatasuna aldarrikatu dute. Batzuek anarkistatzat jotzen dute beren burua. Antisistemak ditugu. Zer sistema ezarri nahi dute, bada, antisistema horiek? Hauxe dioena: «Nik eskubide osoa dut nahi dudana egiteko, nahi dudanean eta nahi dudan moduan». Anarkistak omen dira. Kropotkin, Sacco eta Vanzetti edo Malatestaren jarraitzaileak ala bon vivant egoista arduragabeak? Julio Anguitari barregura eragiten zioten: «Zuek anarkistak? Benetako anarkistek burua altxatuko balute, lau zaplazteko emango lizkizuekete».
Pedagogia egin beharko da. Eta ez ahaztu askatasun indibidualak, historikoki, garaipen kolektiboen bidez lortu direla. Eztabaidatzeko, kritikatzeko eta zuzentzeko eskatzeko eskubidea dugu. Eta beharra, baina perspektiba galdu barik. Bestela, baliteke birus honek ezein kataklismok lortuko ez lukeena lortzea hemen, Europako leku batzuetan jadanik gertatu den moduan, baina gurera ekarrita: Voxen boto-emaileak, sinbologia faxista lagun, eta EH Bildurenak manifestazio batean elkarrekin joatea, haien aldarrikapen eta helburu nazional eta sozialak guztiz, zeharo desberdinak izan arren. Zergatik, eta ezin dutelako gaueko hamarretan taberna batean mundua konpontzen jardun. Nork bere aldetik, jakina.
DARWIN ETA GU
Kontuz eta tentuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu