Apiril hasieran 32 urte bete ziren Ion Parot, Unai Parot eta Jakes Esnal atxilotu zituztenetik, eta egun bertsuan bortz urte ETA armagabetu zenetik. «Data bat eta bi errealitate» dira, Bakegileen eta Bake Bidearen hitzetan: «Gizarte baten engaiamendu irmo eta anitza, agintarien mespretxuaren eta isiltasunaren aurka». Baldintzapean aske uztea galdegina dute hainbat alditan Ion Parotek eta Jakes Esnalek, eta, Ipar Euskal Herriko euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, badituzte jada hurrengo audientzien datak: maiatzaren 13an izanen du Parotek auzi saioa, eta maiatzaren 19an Esnalek. Egun horietan, batetik, elkarretaratzeetara deitu dute Baionan eta Donibane Lohizunen (Lapurdi), hurrenez hurren: «Adi garela adierazteko eta baldintzapeko askatasun horien aplikazioa aldarrikatzeko». Bake Bideak eta Bakegileek uste dute, izan ere, «egokituriko» zigor politika batek horien askatasuna «ahalbidetu» beharko lukeela.
Ekainaren 11rako, berriz, manifestaziora deitu dute Baionan, espero baitute Esnalek eta Parotek ordurako jasoak izanen dituztela auzien erabakiak. Nahi lukete manifestazioa «lurraldearen aniztasunaren adierazpen masiboa» izan dadila, baita «bake prozesuaren aldeko engaiamendu anitzaren eta aitzinatze beharraren adierazpena» ere.
Agintariei deia
Aste bat ere ez da falta Frantziako hurrengo presidentea zein izanen den erabakitzeko, eta, bigarren itzuliaren atarian, neurriak eskatu dizkiete agintari hauei: «Hautetsi izango direnek bake prozesuaren aitzinamendu beharraren urgentziaren neurria hartu behar dute, eta hauen agendan lehentasunez sartu». Eskatu diete «argi eta garbi» adierazteko «balio demokratikoekiko atxikimendua», eta galdegin alde batera utz ditzatela «axolagabetasuna, mespretxua eta mututasuna». Hauteskunde legegileetako hautagaiei gauza bera eskatuko diete.
Iragarri dutenez, bertzalde, ekinaldi desobediente gehiago eginen dituzte heldu diren asteetan, ekintzen «inpaktua eta garrantzia» areagotuta. Esnalen eta Paroten emaitzak kontrakoak izanez gero, berriz, udarako «Euskal Herri osoa blokeatzeko ekintza bat» eginen dutela aitzinatu dute. «Hau ez da aukera bat: lorpenerako obligazioa da».
Ekainaren 11n karrikak hartuko dituzte Paroten eta Esnalen alde
32 urte daramatzate preso. Ion Parotek maiatzaren 13an izanen du auzi saioa; Esnalek, 19an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu