Etxerat euskal presoen senideen elkarteak salatu duenez, euskal presoak dauden kartzela «gehienetan» eten egin dituzte komunikazio intimoak, familiako bisean bisekoak eta bizikidetzakoak, berriro ere. Berriro ere, hala egin baitzuten pandemiaren hasieran, eta hala egin baitute egoera epidemiologikoak okertzera egin duen hainbat alditan. Halaxe orain ere: Espainiako Espetxe Erakundeek COVID-19aren kutsatzeen gorakadari aurre egiteko hartu dute erabakia. Etxerat-ek salatu du, ordea, kudeaketa horrek «presoen eta haien senideen eskubideei eragiten» diela, eta horren ondorioz «areagotu» egin dela «duela urte eta erdi hasi zenetik pairatzen» ari diren «egoera jasanezina».
Etxerat-en ustez, izan ere, bisean bisekoak eten beharra «zigor gehigarri» bat da presoentzat zein senideentzat, eta ohartarazi du jasotzen duten «zama» ez dela «gaurko kontua»: «Pandemiaren agerpenaren osteko kudeaketak inkomunikazio neurriak ekarri zituen presoen eta senideen artean, eta, ondoren, 2021eko otsaileko lehen gorakadarekin, Espainiako Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak berriro blindatu zituen espetxeak, komunikazioak bertan behera utziz eta, horrela, presoei geratzen zitzaien kontaktu fisiko bakarra ezabatuz».
Espetxeetan bertzelako neurri batzuk har daitezen nahi du Etxerat-ek, «kalean ezarritako prebentzio neurrien antzera, bisean bis familiarrak eta bizikidetzakoak bermatzeko». Lehentasuntzat jo dituzte eri diren, 65 urtetik goiti dituzten eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten euskal presoak kartzelatik ateratzea eta koronabirusari aurre egiteko neurriak «humanizatzea».
Etxerat-ek salatu du berriz ere eten dituztela euskal presoen bisean bisekoak
COVID-19aren kutsatzeen gorakadaren ondorioz hartu dute erabakia. Presoen senideen elkarteak neurriak «humanizatzea» galdegin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu