Nafarroako VWek gehiago ekoitziko du, hirugarren modelo bat erakartzeko

Zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta ELA sindikatuek produktibitatea handitzeko ituna egin dute. Beste hiru fabrikarekin lehian ari da Iruñea

Nafarroako VWen lantegia, Iruñeko Landaben poligonoan. JESUS DIGES / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Wolfsburgen zain daude Iruñean. Volkswageneko zuzendaritza nagusiak eskatutakoa bete dute Nafarroan: akordio bat egin dute egunero 30 auto gehiago ekoizteko. Orain, autogileak erabaki behar du ahalegin hori nahikoa ote den Landabengo plantari hirugarren modelo bat emateko. Hala izatea espero dute zuzendaritzak eta sindikatuek, Polo modeloaren gainbehera konpentsatzen laguntzeaz gain autoen elektrifikazio prozesuan urrats bat egiteko aukera emango liokeelako Nafarroako VWi.

Iruñeko fabrika beste hirurekin ari da lehian Volkswagenek 2021ean merkaturatu nahi duen autoa ekoizteko. Crossover edo CUV estilokoa izango litzateke, hau da, noranahiko itxurako auto bat. Nafarroako VWek Polo modeloa egiten du 1984tik, eta T-Cross SUVa iaztik. Poloren ekoizpena osatzeko egiten hasi ziren T-Crossa Landabenen, baina dagoeneko ekoizpenaren erdia baino gehiago betetzen du. Batetik, oraingo Polo modeloak dagoeneko bi urte dituelako, eta salmentak jaitsi egiten dira modeloak urteetan aurrera egin ahala. Bestetik, SUV, CUV eta noranahiko itxurakoek gero eta eskaera zabalagoa dute, eta gutxiago ohiko autoek: aurten, Hego Euskal Herrian eta Espainian saldutakoen %45 izan dira mota horietakoak.

Hirugarren modeloa ematearen truke produktibitatea handitzea hitzartu dute UGT, CCOO eta ELA sindikatuek zuzendaritzarekin. Bi fasetan handituko dute ekoizpena: bost auto txanda bakoitzean hirugarren modeloa ematen dietenean, eta beste bost azaroaren 4an. Horretarako, lan hitzarmen berriak aipatzen zituen neurriak aplikatuko dituzte, hala nola larunbat batzuetan langileek beren borondatez lan egitea, atseden egunak urte amaieran pilatzea, eta eguneko atsedenak malgutasunez ezartzea ahalik eta ekoizpen handiena baimentzeko.

ELAren sinadura berritasuna da, ez baitu askotan bat egiten lantegiko gehiengo sindikalak (UGT eta CCOO) zuzendaritzarekin egiten dituen akordioekin. Bigarren modeloa lortzeko baldintzak eta azken lan hitzarmena, esaterako, ez zituen sinatu sindikatu abertzaleak.Oraingoan, baina, baiezkoa eman dio, «erreferentziazko urteko lanaldia bi egun txikitzen duelako, 211tik 209ra, baina soldata osoa ordainduz». Gainera, ELAk nabarmendu du VWek inbertsioak agindu dituela muntaketan eta motorretan lan baldintzak hobetzeko.

LABek, berriz, argudiatu du ez zuela lan baldintzak aldatzeko aurreko akordio bat sinatu, eta «koherentziagatik» ezin duela oraingoan sinatu.

Landabengo sindikatu nagusiak, UGTk, ziurtatu du hirugarren modeloak lantegiak eta enpleguak bermatu ditzakeela, eta auto hibrido edo elektriko bat lortzen lagunduko diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.