«Sentitzen dut, baina erabat identifikatu behar dira, eta ezin izan dut horrela egin». Joseba Merino Pasaiako sarraskitik bizirik atera zen lekukoetako baten hitzek islatu zuten atzo Donostiako epaitegietan egondako identifikazio saioaren emaitza. Santiago Gonzalez biktimen familien abokatuak azaldu zuen xehetasun gehiagorekin: «Bakarrik hiru polizia egon dira saioan, eta ez da inor identifikatu ahal izan. Beste bi polizia etortzea falta da, ez baitira azaldu. Gainera,arazoak egon dira beste baten identifikazio zenbakiarekin, eta agenteetako bat hilik dago, Poliziak berak jakinarazi duenez». Zazpi dira Merinok aurrez ezagutu dituen poliziak, material grafikoan, eta atzo hiru identifikazio saio egin zituzten soilik.
Eta aurrerantzean zer? Familien defentsak aurrera egingo du Pasaiako sarraskiaren egileak identifikatzeko lanean, epaituak izan daitezen. «Argibide gehiago eskatuko ditugu, eta auziak aurrera jarraituko du». Nolanahi ere, identifikazio saioak ez dira amaitu, auzia kudeatzen ari den epaileak saioak egingo baititu epaitegian azaldu ez ziren bi polizia horiekin. Erronda horietan ere Joseba Merinok saiatu beharko du haiek identifikatzen.
113 bala zulo gorputzetan
«Estatu indarkeriako kasu argi-argia da hau», esan zuen Pello Aizpuruk, Dioni Aizpururen anaiak, epaitegiko atarian; 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian dozenaka tiroz hildako lau biktimen familien izenean aritu zen kazetarien aurrean. «Segada prestatu zuten, eta sarraskia egin. 113 bala zulo egin zizkieten gure lau senideei».
Zenbat bala zituzten azaldu zuen, baita zein gorputz ataletan zeuzkaten ere; haren inguruan, zenbait senide malkoei eutsi ezinik zeuden, jakin ondoren identifikazio saioak ez zuela fruiturik eman. «Pelitxok [Pedro Mari Isart] eta Peluk [Jose Mari Izura] 28 bala zulo zituzten; tiro bat, gutxienez, garondoan». Hizlariaren anaia Dioni eta Rafael Delas bizirik atera ziren, eta, gero, fusilatu egin zituzten, esan duenez. «Odol hotzean hil zituzten. Txapasi 11 tiro egin zizkioten bertatik bertara, horietako bat garondoan; guztira 21 bala zulo zituen. Anaia zenari garondoan tiro bakarra ez, baizik eta zazpi zulo egin zizkioten. Zenbat bala behar dira pertsona bat hiltzeko? Zer krudelkeria izan zen hura... Tiro bat begian zuen, eta 34 tiro jaso zituen guztira».
Eduardo Calvo Rojasek, Pasaiako sarraskiaren auzia kudeatzen aritu zen epaileak, ez zuen ikusi delitu zantzurik datu horiek jakinda ere. «Hau dena ezkutatzen saiatu dira», salatu zuen Aizpuruk. Kasuak hortxe iraun du, ordea, familiaren ahaleginari esker, eta, 2016an, epaileek aitortu zuten Komando Autonomoetako lau kideek ez zutela tirorik egin gau hartan. «Tirorik ez bazuten egin, zer egin zuten orduan gure senideekin?», galdetu zuen Aizpuruk. Familiek defendatu duten hipotesiak inoiz baino indar handiagoa duela uste dute: «Epaiketaz besteko exekuzio bat izan zen».
Aizpuruk argi utzi zuen, ordea, bide judiziala ez ezik bide instituzionala ere jorratu behar dela, eta haserre mintzatu zen Eusko Jaurlaritzak auziari buruz eskatutako txostenarekin gertatutakoaren harira; hiru urte egon da txosten hori tiradera batean, familiei haren berri eman gabe. «Ezkutatu egin digute, eta lanean aritzeko hiru urte lapurtu dizkigute. Ez dago eskubiderik: nork erabaki zuen txosten hori kaxoi batean sartu behar zela?».
Txostena jaso ondoren, hiru aste eman dituzte familiek Jaurlaritzarekin hitz egin nahian, baina Aizpuruk esan zuen ez dietela «jaramonik egin». Harik eta gertatutakoa jendaurrean jakinarazi duten arte. «Biharamenean deitu ziguten, eta, orain, presa dute gurekin egoteko».
Txosten ezkutua
Pasaiako sarraskiaren biktimen familiek eta Gasteizko gobernuak duten harremanaren «errealitate gordinaz» aritu zen Aizpuru. «Lau kasu ikertzeko agindua eman zuen Jaurlaritzak: Perturrena [Eduardo Moreno Bergaretxe], hiru galiziar desagertuena [Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga] eta Naparrarena [Jose Miguel Etxeberria], gurearekin batera». Pasaiakoa ez beste guztiak argitara eman zituztela kontatu zuen Aizpuruk. «Gurea, ordea, kaxoi batera bota zuten. Nork erabaki du Jaurlaritzan familia batzuei txostena eskura ematea eta beste batzuei ukatzea? Hauek al dira biktimak guztiak berdin tratatzen dituztenak?».
Aizpuruk «konpromisoak» eskatu zizkion Jaurlaritzari. «Egin dezatela behingoz aitortza ofiziala, eta argitu dezatela gurekin lanean aritzeko prest dauden ala ez».
Ez dituzte identifikatu Pasaiako sarraskiko poliziak lehen saioan
Bi polizia ez dira azaldu epaitegira, eta beste bi identifikazio saio egingo dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu