Foro Sozialak «funtsezkotzat» jo du egia jakitea biktimen erreparaziorako

Egia jakitea «eragozten duten mugak gainditzeko» ekinbideak gauzatzera deitu du gizarte zibila

Egiak ez du preskribatzen jardunaldien harirako agerraldi bat. OSKAR MATXIN / FOKU.
xabier martin
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Egiaren Batzordearen inguruan nazioartean izandako esperientziak aztertu ditu Bake prozesua indartzeko Foro Sozialak, besteak beste Kolonbiakoak, eta esperientzia horiek 12/2016 Legearen Balorazio Batzordearekin eta Euskal Herrian erabilitako egia bilatzeko beste tresna batzuekin gurutzatu ditu; ondorio argi bat atera du: «Egiarako eskubidea oinarrizko giza eskubidea da, eta ez du preskribatzen».

Tesi horretatik abiatuta, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren atarian, hausnarketa nagusi bat gizarteratu nahi du Foro Sozialak txosten baten bidez: «Egia jakiteko eskubidea funtsezko osagaia da giza eskubideen urraketen biktimei erreparazioa emateko». Foroak dio «nazioarteko estandar bat» dela, eta azpimarratu du «adostasun sozial, instituzional eta politiko bat» dagoela horren inguruan, baina egia ezagutzeko «zailtasun handiak» daudela, «ETAren nahiz Estatuaren biktimen oinarrizko eskaera bat» den arren.

Foro Sozialaren arabera, egia partekatzea, bilatzea eta aitortzea«urrats bat izan daiteke biktimen bizitzak berreraikitzeko». Estatuaren biktimen urraketa horiek «posible dira erakundeen isiltasunagatik», dio txostenak; «izan ere, salaketen preskripzioak eta egindakoa aitortzeari uko egiteak salatuak babesten ditu, eta zigorgabetasuna ematen die».

Gertatutakoa jakiteak, berriz, «biktimak ahalduntzen ditu», Foro Sozialaren ustez; horretarako, gertaerak «interpretazio esparru ulergarri batean» kokatu behar dira, eta irtenbideak proposatu. Biktimarioei dagokienez, «berriz ere min egiteko gaitasuna murriztu egiten die». Horren adibidetzat jo dituzte Jose Barrionuevo ministro ohiaren orain gutxiko adierazpenak. «GALen biktimek jasotako babesean» egiaztatu du Foro Sozialak min egiteko gaitasunaren apaltze hori.

Egia jakiteko eskubidea «gainditu gabeko irakasgai handia da», Foro Sozialarentzat. Zailtasun ugari ikusten ditu: «Lehena eta garrantzitsuena da denborak egiaren eta biktimen aurka jokatzen duela». ETAren biktimei dagokienez, Espainiako Auzitegi Nazionalean espezializatutako fiskaltza bat dago «ebatzi gabeko kasuak» deritzen kasuetarako, «baina zailtasun handiak» ditu bere zeregina egiteko, txostenean jasoa dutenez. Estatuaren biktimek ez dute tresna hori, «eta, gainera, kasu gehienak preskribaturik daude». Are, Foroak dio tresna horren eskaera ez dagoela agenda politikoan.

Ondorio nagusiak

Izan ere, «gobernuak ez daude beti prest Estatuaren biktimei egiarako eskubidea aitortzeko», Foro Sozialak garbi esan duenez. «Artxibo politikak, Sekretu Ofizialen Legea tarteko, gertaerak jakitea galarazten du».

Hala ere, erakundeak uste du egiaren auzia agendan sartzen ari dela pixkanaka. «Ziur gaude, Estatuaren biktimek jasaten duten tratamendu asimetrikoa gainditzeko urratsak egiten diren heinean, errazagoa izango dela egiaren auziari tratamendu integrala ematea». Foroak uste du «fase honetan, gizarte zibilak» izan beharko duela «egiaren bilaketaren buru», ekinaldi berrien bidez. Martxan jartzen diren ekinbide horiek «egia sozialean eta peritu egian aurrera egiteko» tresna izan behar dute, foroaren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.