«Kolpe handia» izan da Irune Costumerorentzat herenegun Bizkaiko Probintzia Auzitegiak emandako epaia. Aldundiko lau funtzionario absolbitu zituen prebarikazio delituaz eta haren alabaren aurkako tratu txar eta lesio psikikoak egiteaz. Costumerok jarritako salaketa zuen ardatz auziak: 2017an, GAS gurasoen alienazio sindrome faltsua argudio gisa hartuta, alabaren zaintza kendu ziotelako. «Epaia abisu bat da gainontzeko ama guztientzat, geldi egon daitezen», adierazi du.
Epaiketan «esperantza» zuen Costumerok, baina sententzia jasota, triste agertu da, BERRIAri egindako adierazpenetan: «Epaiketako egunetan balantza guztiz alde batera geratu zen». Helegitea prestatzen ari dela jakinarazi du, egiak «bide bakarra» duelako: «Guk daukagu egia». Erantsi du «oso harrigarria» dela NBEko errelatoreek Espainiari «esplikazioak eskatu arren auzitegiak sententzia hori ematea». Errelatoreei epaia bidaliko die.
Espainiako Gobernuak Haurren Babeserako Legean onartutakoari «kontra» egiten diola uste du: «Argi utzi dute genero ikuspegirik ez dutela; patriarkatuaren sistema hor ageri da». Diputazioak duen «pisua» ere nabarmendu nahi izan du: «Boterearen aurka joatean, makineria dena martxan jartzen da». Langileak haurraren «babesgabetasun arriskuagatik» jardun zirela berretsi zuen auzitegiak, baina Costumero ez dator bat: «Inork ez du egin umearen alde».
Tinko eutsiko diola esan du: «Babesa daukat; ez nago bakarrik». Umeen defentsan segituko du: «Amaieraraino, legea eskuan, tortura instituzionalari aurre eginez. Umeak ez dituzte entzuten, eta gobernuak hori baimentzen du».
Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroak babesa helarazi dio Twitter bidez Costumerori, «justiziak bizkarra eman» diolakoan. Aitor Esteban EAJren Kongresuko eledunak, berriz, ministroaren txioa kritikatu du: «dogmatismo ideologikoz» aritzea leporatu dio.
Irune Costumero: «Epaia abisu bat da amentzat»
Salatu du halako prozesuetan umeei ez zaiela «entzuten», eta GASa legearen aurkakoa dela. Helegitea jarriko dio herenegungo epaiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu