Skolae hezkidetza programari buruzko azalpenak ematea egokitu zitzaion Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariari atzo, azken urteetan egitasmoa sortu eta kudeatu duen taldeko buruak kargugabetu zituenetik lehen aldiz. EH Bilduk eskatuta egin zuen agerraldia Nafarroako Parlamentuan, eta adierazi zuen programa ez duela «gelditu» eta «konpromisoa» duela harekin: «Diru publikoarekin mantendutako ikastetxeetan Skolae ezartzea bermatuko dugu». Ohartarazi du, ordea, segurtasun juridikoa izatea beharrezkoa dela itunpeko ikastetxeetan ezarri ahal izateko.
Asmoa da programaren bigarren fasea martxan jartzea 89 ikastetxetan, sare publikoan zein itunpekoan; horietatik 48k adierazi dute programan parte hartuko dutela. Gimenok nabarmendu du gaia lantzeko trebakuntza ere garrantzitsua dela: «Irakasleen formakuntza atzeratu den arren, berehala hasiko da, hautatutako eskolekin hitz egin baitugu».
Programaren planifikazioa «zehatza» izateko eskatu diote talde parlamentarioek. Bakartxo Ruiz EH Bilduko legebiltzarkideak esan du hezkidetza izan behar dela hezkuntza sistemaren «erdiko zutabea». Maria Solana Geroa Baiko kideak ere programa ezartzeko «bermea» eskatu du. Areago, programa landu zuten profesionaletako bik Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian deklaratu beharko dute urriaren 9an, familia batzuek abiatutako auzibidean. Solanak dei egin dio Nafarroako Gobernuari haien alboan egoteko: «Finean, gobernua da salatua».
Skolae programarekiko «konpromisoa» adierazi du Gimeno kontseilariak
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak programa abian jartzea du gogoan. Talde parlamentarioek ezartzeko «bermea» eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu