Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lan eskaintza publiko bat egingo du datorren urtean; zehazki, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen 1.148 lanpostu izango dira. Saileko arduradunak sindikatuetako ordezkariekin batzartu dira gaur eguerdian, eta bertan jakinarazi diete deialdia. Bileran, Hezkuntza Sailak lan eskaintza publikoko espezialitateen inguruko proposamena egin die sindikatuei, eta horietako bakoitzeko postu kopurua ere azaldu die. 1.021 lanpostu Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako izango dira, eta 127, Lanbide Heziketakoentzat. Matematikan (147), Geografia eta Historian (116) eta Gaztelanian (115) eskainiko dute lanpostu gehien. Euskaran 55 postu aterako ditu Jaurlaritzak, Fisikan eta Kimikan, 81, eta Filosofian, 45.
Hezkuntza Sailak 2020. urte hasieran egingo du deialdia, eta bertan zehaztuko dira izena emateko epeak, proben egunak eta ezaugarriak, programazio didaktikoa aurkezteko egunak, eta Hezkuntzako LEP honetarako garrantzizko gainerako informazio guztia.
Horiez aparte, Nafarroako Gobernuak ere bi foru dekretu onartu zituen atzo, 559 postuko lan eskaintza publiko bat argitaratzeko. Horietatik 337 unibertsitatez kanpoko irakasleei dagozkie, eta 169, berriz, Administrazio Guneari. Gainera, 53 postu erreserbatzeko txanda dago, 46 desgaitasuna duten pertsonentzat (34 Hezkuntzan eta hamabiGune Administrazioan) eta beste zazpi lanpostu genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzat (guztiak Gune Administrazioan).
Hezkuntza arloan 1.707 postuko lan eskaintza egingo dute 2020. urtean
Eusko Jaurlaritzak Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 1.148 lanpostu eskainiko ditu. Nafarroako Gobernuak, 559 postu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu