Pentsiodunek KPI «errealera» itzultzea eskatuko dute udazkenean

Inflazioaren bilakaera ikusita, 1.080 euroren gutxieneko pentsioa legez ezar dadila nahi dute

Gizon bat ukabila altxatua duela, pentsiodunek atzo Bilbon eginiko elkarretaratzean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Udazkenarekin milaka langile lanera itzuliko dira. Pentsiodunon lanpostua, berriz, kalean dago, gure aldarrikapenak lortzeko borrokan». Jon Fano Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak hitz horiekin deitu ditu mobilizazioetara Euskal Herri osoko pentsiodunak ikasturteko lehen elkarretaratzean. Aurten gainera eskaerak argi dituzte: pentsioak KPI «errealaren» arabera eguneratzea, eta «inoiz baino gehiago» gutxieneko pentsioa 1.080 euroan ezartzea. Hainbat mobilizazio iragarri dituzte udazkenerako.

«Iaz %3ko igoera lapurtu ziguten, eta, aurtengo inflazio datuak ikusita, bi urtean %10eko galera pilatu dezakegu. Espainiako Gobernuan dauden alderdiek hauteskunde kanpainan hitzeman zuten pentsioak KPI errealaren arabera igoko zituztela, eta hori eskatuko diegu», iragarri du Fanok. Pentsiodunen elkarteak kritikoak izan ziren Espainiako Kongresuak pentsioen eguneraketa kalkulatzeko iaz onartu zuen sistemarekin, eta aurten berriz ere presioa egingo dute norabide horretan.

Hilabete guztien KPIaren batez besteko indizea erabili beharrean, ordainsariak KPI «errealaren»arabera eguneratzea nahi dute pentsiodunen elkarteek. Azaroko datua da hori, eta, esaterako, soldatak eguneratzeko erabiltzen da. Eta zein da aldea? Iaz hiru puntukoa izan zen. Azaroan, urte arteko KPIa %5,5ean zegoen, baina batez bestekoa, %2,5ekoa izan zen —aurreko urteko abendua ere zenbatzen da—. Aurten bi indizeen arteko aldea txikiagoa da oraingoz. Abuztuan, Espainiako KPIa %10,4koa izan zen; ordura arteko hilabeteetako batezbestekoa, berriz, %8,6koa. Azaroan jakingo da behin betiko datua.

Hain zuzen ere, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak atzo berretsi zuen «legearen arabera» eguneratuko dituela pentsioak, alegia, batez bestekoa aplikatuko duela. Pentsiodunak, halere, iritziz aldarazten saiatuko dira urriaren 15erako Madrilen eta azarorako Euskal Herrian deituko dituzten mobilizazioekin.

26an, bankuen aurrean

KPIarena da eskaera nagusia, 1.080 euroko gutxieneko pentsioarekin batera. Elkarretaratzean gogoratu dute, haien datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 153.000 pentsiodun pobrezian bizi direla, eta horietatik 72.000 «muturreko pobrezian». Alegia, 688 euro baino gutxiagoko pentsioekin. Horietatik gehienak emakumeak dira; asko, alargunak. Alde horretatik, salatu dute bankuak presio egiten ari direla plan pribatuak ugaldu daitezen. Hori arbuiatzeko, hilaren 26an banketxeetan bilduko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.