14:52an alerta mezua. «Polizia oraintxe pasatu da, eta omen lekuak husteko prestatzen ari direla». Frantziako Polizia ez zen itzuli, eta okupazioan parte hartzen ari zirenek arnasa hartu zuten. Luze joko duela dirudien desobedientzia ekintza baten gorabeherak. Asteazkenean abiatu zuten Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitzaren okupazioa Seaskako ikasle, guraso eta irakasleek. Azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzen dute, eta abisatu dute ez direla mugituko Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin bilkura bat lortu arte.
Seaskak Ipar Euskal Herrian dituen lau kolegioetako gurasoen artean txandak egin dituzte, okupazioan etengabe jendea egonen dela bermatzeko. Baina denbora okupatzea ere erronka bat da. Herenegun, euskalgintzako eragileetako ordezkarien eta zenbait hautetsiren babesa jaso zuten. Atzo, Frantziako Asanblearako bozetako bigarren itzulirako sailkatu diren seigarren hautesbarrutiko bi hautagaien bisita izan zuten; Vincent Bru Ensembleko hautagaia agertu zen goizean goiz, eta Tom Dubois NUPESekoa berantago.
«Hona etorri naiz Frantziako Poliziaren errabiazko erreakzioa ikusi dudalako. Maluruski, gure herrialdean gero eta ezagunagoa zaigun bortizkeria bat da», adierazi zion BERRIAri Duboisek, eta «sostengua» adierazi zien protestan parte hartu zutenei. «Estatuak ez du gehiago elkarrizketarik eramaten herritarrek aldarrikapenak dituztenean». Halaber, adierazi zuen «ulertezina» zitzaiola egoera. «Hitzarmen bat izenpetua izan da azterketak eskualdeko hizkuntzan pasatzeko, eta ez da errespetatua izan. Hizkuntza horretan egiten dituzte ikasketak, eta ezin dituzte azterketak euskaraz pasatu. Nik hori ez dut ulertzen». Gaia «deskubritzen» duela aitortu zuen. «Oso gutxitan elkartu gara Frantzia Intsumisoa eta Seaska. Elkarrizketak eta eztabaidak segitu behar ditugu».
Arratsaldean, agiri bateratua zabaldu zuten Ensembleren etiketapean Ipar Euskal Herrian aurkeztu diren hiru hautagaiek: Bruk, Florence Lasserrek eta Annick Troundayk. «Igande honetan laugarren, bosgarren eta seigarren hautesbarrutietako herritarrek beren konfiantza erakutsiko baligute, engaiamendua hartzen dugu Pap Ndiaye Hezkuntza ministroari urgentziaz hitzordu bat eskatzeko, eskualdeko hizkuntzen gaia aipatu eta aitzinarazteko [Ipar] Euskal Herrian». Agirian ez diote aipamenik egiten herenegun Frantziako Poliziak erabilitako bortizkeriari, eta ez dute agertzen zer iritzi duten Seaskaren aldarrikapenei buruz. «Kanpainan zehar izan ditugun trukeetan ikusi dugu herritarrek gure eskualdeko hizkuntzei buruz duten atxikimendua eta horien irakaskuntza bermatua izateko borondatea».
Parisera gutuna
Hautagaien babesa «berri ona» dela adierazi zuen Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. «Sostengua baino gehiago, ekintzak nahi ditugu, eta nahi dugu ministroaren erantzun bat». Gutun bat idatzi diote, eta bide ezberdinetatik pasarazi diote, Pariseraino iritsi dadin. Igandeko bozka eguna aitzina mintzatzea nahi lukete.
Akademia ikuskaritzaren okupazioarekin segituko du Seaskak asteburuan ere
Ensembleko eta NUPESeko hautagaiek babesa erakutsi diete Seaskako kideei. Hezkuntza ministroaren beha segitzen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu