Nafarroako Gobernuak herenegun igorri zion Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari COVID pasaportea ezartzeko foru agindua, eta erantzuna atzo bertan eman zuen auzitegiak: ontzat jo du ziurtagiria ezartzeko erabakia. Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Salak dio, Espainiako Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia eta Nafarroako Gobernuak emandako txostenak ikusita, foru aginduan erabakitako neurriak «egokiak, beharrezkoak eta neurrizkoak» direla. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko eledunak atzo zehaztu zuenez, establezimenduetako eta ekitaldietako arduradunen esku egongo da COVID ziurtagiria eskatzeko ardura, eta udaltzainek eta foruzainek «ausaz» egingo dituzte kontrol eta ikuskaritzak.
Magistratuen esanetan, COVID ziurtagiria «transmisioa eragozteko tresna» bat da, eta, bestelako neurri batzuekin alderatuta, gainera, oinarrizko eskubideetan «eragin apalagoa» dauka. Auzitegiak gaineratu duenez, helburua honako hau da: arriskurik handiena duten espazioetan kutsatzeko arriskua murrizten laguntzea —batez ere jendetza biltzen den tokietan, eta jatea eta edatea baimenduta dagoen tokietan—, eta, zeharka, txertaketa sustatzea, jende guzti-guztia txertatua egon dadin. Prebentzio neurriak betetzea garrantzitsua dela dio auzitegiak, hala nola maskara egoki erabiltzea eta leku itxiak aireztatzea.
Auzitegiak autoan argudiatu duenez, COVID ziurtagiria eskatzeko Nafarroako Gobernuak emandako argudioak «justifikatuta» daude. Zehaztu dute ziurtagiria ezartzeak oinarrizko eskubide batzuk «mugatzen» dituela, baina ez dituela urratzen. Gainera, ohartarazi dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren doktrinak dioela oinarrizko eskubideei muga jartzea justifikatuta dagoela baldin eta helburua «legitimoa eta proportzionala» bada. Epaileen ustez, ziurtagiria ezartzea «proportzionala» da osasuna babesteko helburuarekiko.
Autoak dioenez, ziurtagiria eskatzea neurri «egokia» da osasuna babesteko, dokumentu hori eskatuko den tokietan sartzea borondatezkoa delako eta horietan ez delako funtsezko jarduerarik egiten. Honela dio autoak, hitzez hitz: «Aisialdia nahi den moduan erabil daiteke, eta pertsonak establezimendu horietara sar daitezke, edo terrazan geratzea erabaki dezakete; baina, establezimenduen barrualdean sartzea erabakitzen badute, leku itxiak eta gutxi aireztatuak izaten direnez, kutsatzeko arrisku handiagoa izango dute. Beraz, ziurtagiria erakusteak bermatuko luke pertsona hori ez dagoela SARS-CoV-2 birusarekin kutsatuta».
Autoaren arabera, gainera, ziurtagiriak ez du berdintasun eskubidea urratzen, ez baita «diskriminaziorik» egiten txertatuta daudenen eta ez daudenen artean.
PCR proba negatiboa
Izan ere, epaileek gogoratu dute Nafarroako Gobernuak aurkeztutako foru aginduak zehazten duela ziurtagiria eska dezaketela ez soilik txertaketa pauta osoa dutenek, baita azken 72 orduetan PCR proba negatibo bat eskuratu dutenek eta azken 48 orduetan antigeno proba negatibo bat izan dutenek ere.
Gainera, Nafarroako Gobernuak ziurtagiria ezartzeko baimena eskatzerakoan emandako argudioak «modu argi eta zehatz» batean oinarrituta daudela uste dute epaileek. Besteak beste, Osasun Publikoko Institutuaren txosten epidemiologikoa, Nafarroako ospitaleko osasun asistentzialaren egoeraren txostena eta azterlan juridiko bat aurkeztu zituen foru gobernuak bere erabakia argudiatzeko.
Azaroaren 27tik urtarrilaren 7ra bitartean jarri nahi du indarrean foru gobernuak ziurtagiria, eta erabaki hori ontzat jo dute epaileek, «egokia eta proportzionala» delakoan. Hala, auzitegiaren babesa jasota, bihartik aurrera COVID ziurtagiria eskatzeko moduan egongo dira Nafarroan 60 mahaikidetik gorako jatetxeetan, gaueko aisialdian besteak beste, diskoteketan eta dantzalekuetan, bai eta barrualdean egiten diren ekitaldi jendetsuetan ere, baldin eta 1.000 pertsonatik gorako guneak badira eta jateko edo edateko aukera baldin badago.
Koronabirusa
Nafarroako Auzitegi Nagusiak baimendu egin du ziurtagiria jartzea
Ekitaldien eta establezimenduen ardura izango da, eta kontrolak «ausaz» egingo dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu