EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen debekatu larunbatean Arrasaten (Gipuzkoa) euskal presoen eskubideen alde eginen den martxa, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak ere gauza bera egitea erabaki du. Jose Luis Calama epaileak atzo jakinarazi zuenez, hain zuzen, «une honetan ez dago beharrezko datu eta elementurik zehazteko salaturiko egitateak terrorismoa goratzearen delitua izan daitezkeen ala ez». Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, halere, Poliziari eskatu dio «jarraipena eta kontrola» egin diezazkiola larunbaterako antolaturiko protesta ekitaldiari, «eragozteko gorazarrerik edo delitu terroristen zein horiek egin dituztenen justifikaziorik» egitea, baita «biktimen edo familien umiliazio edo gutxiespenik» izatea ere. Halaber, adierazi du halako delituak ezin dituela aitzinetik zigortu, behin egin ondotik baizik.
Epaileak biltzeko eskubidearen eta adierazpen askatasunaren «mugak» hartu ditu oinarritzat ebazpena emateko, hain zuzen, eta azaldu du «gobernu agintaritzari» dagokiola «biltzeko eta manifestatzeko eskubidea gauzatzean konstituzio betekizunak konplitzen direla zaintzea, hari baitagokio herritarren segurtasunari eustea eta delitu egintzak prebenitzea». Haren hitzetan, berriz, zigor zuzenbideari legez kanpoko ekintzak zigortzea dagokio, «behin gertatu ondoren»: «Hau da, zigor zuzenbideak ezin du prebentzioz jardun; izan ere, jokabide horrek berekin dakar eskubideak mugatzen dituzten ondorio juridikoak lotzea edo zuzenean edo zeharka zehapenak ezartzea, etorkizuneko eta zalantzazko delituei buruzko hipotesi hutsetan oinarrituta». Aitzinago zigortu ahal izatea ez du baztertu, beraz.
«Erabakien» berri gaur
Arrasateko eta Hego Euskal Herriko Sarek agerraldia eginen dute gaur herrian, 10:00etan. Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, «larunbaterako Arrasaten antolatutako martxa ibiltariaren harira azken egunetan sortutako nahasmena eta gatazka direla eta» haien «analisiaren eta erabakien berri» emanen dute.
Espainiako Auzitegi Nazionalak ere ez du debekatuko Arrasatekoa
Poliziari eskatu dio ekitaldiaren «jarraipena eta kontrola» egiteko, delituak egin daitezen «eragozteko». Sarek agerraldi bat eginen du gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu