Eskumuturrekoa kenduta, Euskal Herrian da Josu Urrutikoetxea

Kontrol judizialpean jarraitu beharko du euskal preso ohiak. Angelun bizi da. Luis Herguetaren auziagatik kendu diote eskumuturrekoa

Josu Urrutikoetxea, joan den urrian, Parisen. EÑAUT CASTAGNET.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herrian da Josu Urrutikoetxea. Espainiako hainbat komunikabidek atzo zabaldu zuten albistea, eta hala baieztatu zion haren sendiak BERRIAri. Angelun bizi da, Lapurdin, eta jada ez du eraman behar eskumuturreko elektronikorik: kontrol judizialpean dute oraindik, halere.

Senideek azaldu dutenez, Parisko Dei Auzitegiko instrukzio aretoak ekainaren 24an egindako auzi saio batean erabaki zuen euskal preso izandakoari eskumuturreko elektronikoa kentzea. Izan ere, auzitegiak bezperan jaso zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako erabakia, zeinaren arabera deliberatu baitzuen bertan behera uztea Urrutikoetxea Luis Herguetaren hilketarekin lotzen zuen 2005eko autoa.

1980an Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako arduradunaren hilketan parte hartu izana egozten zioten Urrutikoetxeari 2005eko auto hartan, baina akusazio horrek ez zuen heldulekurik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek maiatzean argitaraturako auto batean jakinarazi zuenez: hilketa hura ETA politiko-militarrak (ETApm) hartu zuen bere gain, eta Urrutikoetxea ETA militarreko (ETAm) kidea zen.

Senideen hitzetan, erabaki horrek «agerian» utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalaren «azpikeria», eta erakutsi du «Frantziako auzitegiak nola lerrokatzen diren Espainiakoen erabakiekin, itsu-itsuan».

Hurrengo epaiketa, irailean

Joan den ekainean epaitu zuten Urrutikoetxea Parisen, 2011 eta 2013 bitartean egindako jardunagatik; irailaren 13tik aitzina, bertze epaiketa bat izanen du: 2005 eta 2007 bitartean egindakoa aztertuko dute auzi horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.