Jende andana atera da kalera Beasaingo sexu erasoa salatzera

Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta udalak elkartasuna adierazi dio biktimari. Elkarretaratze jendetsua egin zuten igandean, salatzeko

Atzo arratsaldean Erauskin plazan egin zuten elkarretaratzea. GOIERRIKO HITZA.
Erredakzioa
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Beasaingo Asanblada Feministak larunbat gauean jazotako sexu erasoa salatu eta erasotuari elkartasuna adierazteko bilkurara deitu zuen atzo, 19:00etan, Beasainen (Gipuzkoa), Erasoen aurrean autodefentsa feminista lelopean. Isiltasuna nagusi izan zen bertan, eta antolatzaileek ez zuten adierazpenik egin, «biktima babesteko». Igandean ere elkarretaratze jendetsua izan zen, Itaiak deituta.

Izan ere, emakume bati eraso egin zioten larunbat gauean herri horretan. Udalak eman zuen gertatutakoaren berri, eta igande eguerdian alderdi guztiek adostutako ohar bat argitaratu zuen.

Bertan esan zuten «ustezko eraso baten aurrean» daudela. «Zer gertatu den argitzea Ertzaintza eta mediku zerbitzuen eskuetan dago, eta ikerketak aurrera jarraitzen du». Horregatik, «testuinguru horren barruan, udalak bere laguntza osoa eskaintzen dio ustezko biktimari eta bere familiari».

Neskak Ertzaintzaren aurrean salaketa jarri aurretik argitaratu zuten agiria. Gerora, Ertzaintzak baieztatu du emakumezkoak salaketa jarri duela.

«Sexu erasoak onartezinak dira, pertsonen askatasunaren aurkako eraso zuzenak direlako, haien duintasunaren kontrakoak. Batez ere emakumeen aurka eginikoak direnean». Dei egin diote gizarte osoari «konpromiso aktiboa» eduki eta halakoei aurre egiteko. «Udalak ere egingo du».

Azaroaren 25erako kanpaina

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunerako kanpaina bateratua egitea adostu dute Emakundek, Eusko Jaurlaritzak, Eudelek eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek.

Kanpainaren helburua, azaldu dutenez, «eraginkortasun handiagoa» lortzea da, «herritarrak indarkeria matxistarik gabeko gizartearen alde» sentsibilizatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.