PAIren xedea euskarazko irakaskuntza oztopatzea da, Kontseiluaren arabera

«Existitzen ez diren eskubideen fatxada» jarri nahi izan du gobernuak, Bilbaoren esanetan. Larunbateko manifestaziorako deia berretsi du

Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldia, atzo, Iruñeko Antoniutti parkean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
«Erabaki euskarafoboei existitzen ez diren eskubideen fatxada jarri nahi diete», salatu zuen atzo Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak Iruñean, PAI ingelesez ikasteko programa hezkuntza eredu bihurtzeko erabakia hizpide hartuta. Joan den astean horren alde egin zuten PSNk eta UPNk Nafarroako Parlamentuan, 350 lanpostu egonkortuko dituztela argudiotzat erabilita eta berme juridikorik gabe, ingelesa ez baita hizkuntza ofiziala Nafarroan.

Erabakia «oso larria» da, eta «nafarren arteko berdintasunaren aurkako kolpea», Bilbaoren arabera, eta euskarak hezkuntzan duen lekuarekin alderatu zuen: «Egungo hezkuntza ereduak milaka haur eta gazteri ukatzen dio euskaraz jakiteko eskubidea, eta euskararen gutxieneko noziorik gabe uzten ditu». Izan ere, euskarazko irakaskuntza jasotzeko eskubiderik eza itxurazko eskubideekin estali nahi izatea egotzi dio Kontseiluak Nafarroako Gobernuari: «Ingelesez jakiteko balizko eskubidea erdigunean jartzea zitala da. Erabaki euskarafoboei existitzen ez diren eskubideen fatxada jarri nahi diete».

Areago, gogorarazi du PAI programa Yolanda Barcina Nafarroako lehendakari ohiak sustatu zuela, eta haren helburuak zein ziren garden azaldu zuela lehendakariak berak: «Oihartzun handia izan zuten orduko lehendakari Barcinak telebista bateko elkarrizketan esandakoek: PAI programaren bidez euskarazko irakaskuntzaren hedapena gelditu nahi zuela». Horixe bera erakusten dute PAIren gisako beste programa batzuek, Bilbaoren esanetan, «berezko hizkuntzak dituzten beste lurralde batzuetan» ezarritakoek; hala nola Valentzian eta Balear Uharteetan. Horietan, «hizkuntza gutxituaren irakaskuntzari aurre egiteko» asmoz erabili dira halako programak, haren esanetan, bai eta Nafarroan ere.

Bestalde, Kontseiluko bozeramaileak salatu zuen zenbait alderdik presa izaten dutela euskararen kontrako neurriak hartzeko orduan: «Euskara merezimendu gisa arautzeko dekretua prestatzeko, urteak behar izaten dituzte, baina PAI eredu bihurtzeko prozesua di-da batean jarri dute abian». Horrek agerian uzten du, Bilbaoren esanetan, «intentzionalitate maltzurra» dutela; bereziki, «euskararen kontrako neurriak jokoan daudenean».

Arrazoiak «ugaritzen»

Larunbaterako manifestaziora deitua du Kontseiluak Iruñean, Nafarroako merezimenduen dekretuaren aurka. 17:30ean abiatuko da, Antoniutti parketik. Ez kasualitatez, leku berean egin zuen atzoko agerraldia. Han izan ziren Kontseiluko kide diren zenbait erakundetako ordezkariak ere. Kontseiluak nabarmendu zuen «ugaritzen» ari direla larunbateko manifestazioarekin bat egiteko arrazoiak. Hala ere, deialdiaren hasierako helburua gogorarazi zuen; hots, Nafarroako merezimenduen dekretuak euskara baztertzen duela salatzea. «Nafarroako Gobernuak euskara eta euskaldunak zokoratuko dituen araudia onartu nahi du. Ondorioz, UPNren garaiko politiketara itzuli nahi du, eta epaitegiek onetsitako neurriak ere ezabatu nahi ditu», deitoratu zuen Bilbaok. Are, zenbait puntutan gobernua UPN baino politika atzerakoiagoak egiten ari dela nabarmendu zuen.

Horren inguruan, Bilbaok nabarmendu zuen denak ez duela balio, ezta halako erabakiek babes parlamentarioa badute ere. Eskubideen esparruan kokatu zuen afera: «Euskara eta euskal hiztunen komunitatea desagerrarazteko erabakiek babes parlamentarioa izateak ez du esan nahi erabaki demokratikoak direnik».

Larunbateko mobilizazioaren atarian, manifestazioaren aldeko atxikimenduak jasotzen ari direla ere azpimarratu zuen Bilbaok. Besteak beste, Nafarroako Pentsionistak Martxan, EHGAM, Eskubide Sozialen Gutuna eta Pantailak Euskaraz haren alde agertu direla azaldu zuen. Halaber, gaineratu zuen Nafarroako 28 udal teknikarik ere mobilizazioarekin bat egin dutela. Edonola ere, alderdi politikoetan jarri zuen arreta, bereziki: «Desadostasunaren aitzakia ezin da erabili horrelako erabakiak onartzeko. Bada garaia presio handiagoa egiteko, euskararen gaia erdigunean jarri eta estutzeko. Izan ere, hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete euskararen normalizazio prozesuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.