Koronabirusa

78.000 dosi helduko dira Hegoaldera astelehenean, haurrak txertatzen hasteko

Ikastetxeetan txertatzea baztertu dute osasun agintariek. Nafarroan baliteke «neurri komunitarioak» hartzea oraindik, izurriak okerrera egiten badu

Erizain bat gazte bati txertoa jartzen, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Jaso ahala jarri. Datorren astean hasiko dira Hego Euskal Herrian COVID-19aren txertoa 5 eta 11 urte bitarteko haurrei jartzen, eta, horretarako, Pfizer konpainiaren txertoaren 78.000 dosi jasoko dituzte astelehenean Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Prozesuari ekiteko data ere zehaztu dute biek ala biek: hilaren 15ean jarriko dituzte lehen dosi horiek.

Haurrak txertatzeko tokia ere eztabaidagai izan da egunotan. Ikastetxeetan bertan egiteko aukera baztertu dute Hegoaldeko osasun agintariek, eta aurretik prestatutako txertaketa guneak hobetsi dituzte, bai Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, bai Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek.

Sagarduik atzo adierazi zuen, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean, lehen arretako guneetan ardaztuko dutela 11 urte bitarteko haurren txertatze prozesua. Zehazki, «osasun zentroak eta erdibideko txertoguneak» prestatuko ditu Osakidetzak horretarako. Sailburuak jakinarazi zuen 60.000 dosi jasoko dituztela datorren astean, eta asteazkenean bertan hasiko direla horiek jartzen.

Familiek izan ditzaketen zalantzen gainean, Sagarduik berretsi zuen txertoa erabat segurua dela, eta hala frogatu dutela osasun erakunde guztiek. Horregatik, seme-alabak txertatzera deitu zituen gurasoak, «euren osasunagatik eta, batez ere, hurkoarengatik».

Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek ere hitz egin zuen txertaketa prozesuaz. Kontseilariaren esanetan, txertoaren 18.000 dosi jasoko ditu Nafarroak astelehenean. Hilaren 15ean hasiko dira jartzen landa eremuko udalerrietako osasun etxeetan, eta 16an, berriz, Iruñerrira zabalduko dute txertaketa. Iruñeko seminarioa atondu dute horretarako. 11 urteko haurrekin hasiko dira, eta adinean behera joanen dira datozen asteetan.

Indurain kontseilariak gaineratu zuen prozesuaren inguruko xehetasunak fintzen ari direla uneotan, eta, besteak beste, ziten inguruko informazio osoagoa helaraziko dietela familiei «txertatzeko eguna gerturatu ahala». Indurainek «ezinbestekotzat» jo zuen txertaketa prozesuan aurrera egitea, «egungo egoera delikatua onbideratzeko». Izan ere, birusa gaiztotuta dabil oraindik Hegoaldeko herrialde guztietan, eta osasun sarean hasiak dira presio handia nabaritzen.

Ia 2.000 kasu Hegoaldean

Izan ere, COVID-19ak eragindako 1.890 kasu gehiago atzeman zituzten asteazkenean Hego Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak emaniko datuen arabera. Positibo tasak ere ez du apaltzera jo: %15,9 zen atzo, asteazkenean 11.875 test egin ostean. Jaieguna izateak, gainera, distortsioa eragin dezake datuen bilakaeran, proba gutxiago egiten baitira, eta, normalean, positibo gutxiago detektatzen dira.

Hamalau eguneko intzidentzia tasa goranzko betean da Hegoaldeko lau herrialdeetan: 819,58 da Araban 100.000 biztanleko; 490,88 Bizkaian; 1.250,56 Gipuzkoan, eta 924,52 Nafarroan. Nafarroan, gainera, deigarria da 11 urtetik beherakoen tasa: gehienak asintomatikoak dira, baina hamalau eguneko intzidentzia metatua 2.000 ingurukoa da adin tarte horretan. Intzidentzia tasa hanpatua dago 40-49 urtekoen multzoan ere: 1.116,65. Ospitaleen egoerari dagokionez, 31 pertsona ospitaleratu zituzten atzo COVID-19ak jota Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Azken egunetako igoeraz galdetuta, Santos Indurainek «kezka» adierazi zuen, osasun zerbitzuen egoera dela eta. Are, lehen arretako zerbitzuak «gainezka» daudela azpimarratu zuen: «Alde batetik, paziente kronikoei eragiten dieten arnas aparatuko gaitzen goraldia dugu, urtaroari lotuta, eta horri gehitu behar zaio COVID-19a atzemateko, diagnostikatzeko eta txertatzeko lana».

Azken egunetako adierazleen arabera, litekeena da Nafarroa «arrisku handiko egoera baten atarian» egotea, kontseilariaren ustez. Hori dela eta, Osasun Departamentuak ez du baztertzen «neurri komunitario sorta bat» ezartzea, izurriaren bilakaeraren arabera. Indurainen esanetan, hala ere, gobernuaren egungo asmoa da hiru ardatzeko estrategiari eustea, ahal den neurrian: «Txertatzea bizkortzea; gaitzaren detekzio mailari eustea, arakatzea indartuz eta protokoloak berrituz; eta prebentzio neurriak areagotzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.