Espainiako Gobernua lantzen hasia da Sekretu Ofizialen Legearen erreforma. Gaur egun indarrean dagoen araua 1968koa da, frankismo garaikoa, eta legea eguneratzeko zirriborro bat prestatzen ari da gobernua. Hasieran, asmoa zen sekretu ofizialei epe bat jartzea, eta handik 25 urtera dokumentuak automatikoki desklasifikatzea, epe hori hamar urtez luzatzeko aukera izanda. La Vanguardia egunkariak herenegun zabaldu zuenez, ordea, Pedro Sanchezen gobernuak «salbuespenak» ezartzeko aukera jaso nahi du lege berrian, 25 edo 35 urte igarota ere agiriak publiko ez egiteko; tartean, GALi buruzkoak.
Kataluniako kazetak argitaratu duenez, gobernuak baieztatu du epe diferenteak ezarriko dituztela «babes graduaren eta sekretu mailaren» arabera, baina aukera izango duela «kasu jakinetarako salbuespenak» ezartzeko. Hortaz, gobernuak berak izango du sekretu ofizialak argitaratzeko edo sekretupean uzteko azken giltza.
Informazio horren arabera, Espainiako Gobernuak legealdia amaitu aurretik onartu nahi du lege erreforma, eta, horretarako, 2021 amaieran edo datorren urtearen hasieran onartu beharko luke proiektua Ministroen Kontseiluan. Betiere La Vanguardia-ren arabera, Barne, Justizia eta Defentsa ministerioak ari dira zirriborroan lanean, eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa da gai batzuk sekretupean gordetzearen aldekoa. Margarita Robles Defentsa ministroa, aldiz, epe bat igarota agiriak automatikoki desklasifikatzearen aldekoa bide da.
GAL sekretu ofizialen lege berritik kanpo utzi nahi du Espainiako Gobernuak
Legea moldatzeko zirriborroaren arabera, gobernuak testuan jaso nahi du agiriak desklasifikatzeko orduan «salbuespenak» ezartzeko aukera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu