Frantziako Estatu Kontseiluak duela zortzi hilabete Paueko (Okzitania) administrazio auzitegiak emandako epaia berretsi zuen maiatzaren 31n: Arbonako Herriko Etxeko bozak berriz egitea. 2020ko martxoaren 15ekoak ezeztatuak dira, «bozkaren zintzotasuna faltsutua» izan delako. Marie-Josephe Mialocq auzapezak lehen epaiari helegitea jarri ondoan, azken epaiak berriz ere arrazoi eman dio Hats Berri Bat Arbonari, Beñat Arlaren zerrendari. Geroztik, suprefetak bozen lehen itzulia uztailaren 18rako finkatu du; eta, behar balitz, bigarren itzulia uztailaren 25erako. Auzapezaren taldea kargutik kendu eta administrazioko hiru agente izendatu ditu egunerokoa kudeatzeko.
Hats Berri Bat Arbonari zerrendakoak ez dira harritu. Izan ere, «gertatu den irregulartasunak zerrenda horretako bozkatzaileei beren boza balioski adierazteko parada kendu die», zioen Paueko auzitegiaren epaiak. 416 boz—emaileen %44— auzapezak bere baitarik baliogabetzat ekarri zituen martxoaren 15eko kontaketan. Hats Berri Bat Arbonari zerrendako Zigor Goieaskoetxeak erran du lasterregi nahi izan zituela baztertu: «Beldur zen ez zituela hauteskundeak irabaziko, eta beldurrak bultzaturik hartu ditu sobera deblauki erabakiak. Nahi izan gaitu tranpa batean sartu, eta, azkenean, bera erori da».
«Gezurra»
Bozak baliogabetzeko auzapez ohiak eman izan duen arrazoia izan da Beñat Arlaren zerrendako boto paperetan ez zela ekarria Goieaskoetxea espainiar nazionalitatekoa dela, eta horri ohartu zitzaiola bozen eguneko 18:00etan. Arlak dio Mialocq «gezurretan» ari izan dela. «Paueko auzian erran zuen Arbonan nehork ez zekiela Zigor espainola dela. Gero, Parisko auzitegian erran du arbonar guziek bazekitela».
Goieskaoetxeak salatu du, epaile batzuekin mintzaturik, nazionalitatea zehaztea Europako itunaren izpirituaren kontrakoa dela. «Europako itunean erraten dute Europako herritarrak aurkezten ahal direla herri bozetan. Nazionalitatea ematearena, normalean, Europako eskubideetarik kanpo dago, diskriminatzailea dela jota, baina Frantziako Estatuak ez du sekula bururaino eraman nahi izan eztabaida hori». Mialocqekin mintzatzen entseatu da Ipar Euskal Herriko Hitza, baina ez die arraposturik eman. Sud Ouest-i ekainaren 1ean erran zion epaitegiaren erabakia «zuzenkontrakoa» zitzaiola.
Iazko bozak koronabirusaren testuinguruan iragan ziren, eta anitz ez ziren joan bozkatzerat. 2014ko bozekin konparatuta, iazko martxoaren 15ean 400 bat bozkatzaile gutiago joan ziren. Ikusita 114 bozen aldea izan zela bi zerrenden artean, uztaileko bozetan irabazteko parada ikusten dute Arlaren zerrendakoek.
Bozkatzera joan ez zirenak aldi honetan joan daitezkeela uste du Goieaskoetxeak. Jakinez Etxetako eremuko laborantza lurren auzia ere galdu duela Lurzaindiaren parean. «Jadanik bi epaiketa galdu ditu. Hor ere sinesgarritasuna galdu du». Hori, gehi Euskal Elkargoko Hego Lapurdiko poloan izan zen auzapez eta hautetsien bozketa. Poloko ordezkariak elkargora igortzeko momentuan, parekidetasunaren argudioa aitzinera eman zuen Mialocqek hautatua izateko; aurkeztu ziren hamar hautagaietarik azken utzi zuten hautetsiek, arras boz gutirekin. «Ez da estonatzeko», esplikatu du Arlak, «hori gertatuta gure herrian —416 bozen baliogabetzeko moldea—, beste auzapezek ez baitute ontsa ikusi horren egitea. Demokrazian ez da egiten holakorik».
Kanpaina berriaren karietara, auzapez ohiaren jokamoldeak jakinarazi nahi dizkiete arbonarrei. «Autokratatzat» daukate. Erabaki oro berak hartu nahi dituela diote, nehork kontra egin gabe. Arla: «2020ko martxoko bozen egunean beha egoten ahal zen gutun guziak ireki arte. Ikusiko zuen irabazten zuela: emanen zuen hamabost hautetsi harendako, eta guretzat lau. Baina ez zuen nehor aitzinean ukan nahi».
Mialocqek bere zerrenda araberan osatzen duela dio duela bi kargualdi haren zerrendako hautetsi izan zen Arlak. «Berekin du zerbait zor dion jendea. Obligatuak dira beti isilik egotera». Urrunago doa Goieaskoetxea: «Badira profitatu dutenak izugarri lur eremu batzuk eraikigarri bilakatzeko. Klientelismo hutsa da».
Lurra eta etxebizitza
Euskal Herriko metro koadrorik karioena dauka Biarritzek. Auzoko Arbona ere prezioen gorakadak erdiz erdi jotzen du. Kanpainako gai nagusietarik izanen da.Goieaskoetxeak esplikatu du herriko etxeko giderrak eskuetan ukanez gero helburua izanen dela legearen tresna guzien baliatzea espekulazioa mugatzeko. «Zerbait eraikitzen bada, ikusiko dugu zer baldintza eman, luzaroan herrian lan eta bizi nahi duten jendeentzat etxebizitza duinak izateko».
Bizkitartean, Etxeta moduko gunean etxe batzuk eraiki dituzte jada, eta jujeen erabakia jin ondotik ere segitu dute beste batzuek obren egiten, prefeturatik ez baita jin jujamenduaren betetzeko manurik. Eraikuntza berriak hor izanen dira bozen ondotik, eta irabazten balute egoera zaila luketela erran du Goieaskoetxeak: «Kaka kudeatu beharko dugu. Eremu hori kondenatua da; mina egina dago, eta beharko dira gauzak legeztatu». Halakorik berriz gerta ez dadin nahi du Arlak.
Lurzaindiak irabazi auziari esker salbatu da peza bat, hatsarreko egitasmoan 80 bizitegiren egitera abiatuak baitziren. «Nahi dugu Lurzaindiarekin gehien lan egiten duen kostaldeko herria izan», erran du Arlak. Herri guziek Lurzaindia laguntzea nahi du: «Arbonan 2.300 jende bizi dira; Arbonak behar lituzke urte guziz 2.300 euro eman Lurzaindiari. Herri guziek behar lukete eman Euskal Herria atxikitzeko laborariekin; bestenaz, hemendik 10-15 urtera dena etxe izanen da».
Boz giroa berriro ere Arbonan
Herriko bozak dituzte uztailaren 18an. Hats Berri Bat Arbonari zerrendak «egiak» atera nahi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu