Hogei familiak Erorien Haranetik gorpuzkiak ateratzeko ziurtagiria dute

Gogora institutuak sendietako batzuei babesa eta laguntza eskaini die. Sendiek garrantzitsutzat jo dute Madrilek euren eskubidea aitortzea

Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburua Gogora institutuko arduradunekin. JAZKI FONTANEDA / FOKU.
joxerra senar
2020ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Erorien Haranean 33.000 gorpuzki baino gehiago daude, eta adituek diote 1.300 euskal herritarrenak direla. Senideek euren familiartekoen hilotzak berreskuratzeko borroka luzeak egin dituzte, eta bidea irekitzen hasi da. EAJk Eusko Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte gaietarako sailburuak iragarri du Euskal Herriko hogei familiak lortu dutela ziurtagiria euren senideak Erorien Haranetik ateratzeko tramiteak hasteko.

Gorpuzkiak hobitik ateratzeko bidean, Gogora institutuak aholkularitza eta laguntza eman dizkie familia batzuei eta prestasuna erakutsi die oraindik bide horretan sartu ez direnei. Orain DNA probak hartuko dizkiete senideei, erkatzeko balioko duten erauzketak egi n ahal izateko. Auzi medikuen talde bat dago Madrilen, Erorien Haranean gorpuak ateratzen berehala hasteko prest, Artolazabalen arabera. Aste honetan, Gogora senideekin bildu da: «Hobeto ulertu nuen haiek berreskuratzeko irrika. Urte hauetan guztietan eskaini ezin izan dieten hilobia eta agurra emateko gogo bizia dute», aipatu du Artolazabalek legebiltzarrean.

Sendiek hartu dute gorpuzkiak ateratzeko ardura, eta, Artolabazalen hitzetan, «betebehar instituzional» bat da laguntza ematea: «Hala hartzen du bere gain Eusko Jaurlaritzak bere osotasunean. Familia guztiei lagundukodiegu prozesua amaitu arte». Sailburuak azpimarratu du 2020an izanik ere, milaka sendik ezin izan dutela 36ko gerraren «dolu hura itxi».

Familia baten lekukotza

Ziurtagiria lortu duten hogei familietako bat da Ekhiñe Atorrasagastirena. Bere aitonaren anaia zen Lucas Ugarte, eta haren gorpuzkia da Erorien Haranean hobiratuta daudenetako bat. Sendiak ez zuen horren berri, harik eta, 36ko gerran euren familiako hainbat kideri buruz ikertzen ari zirela, jabetu ziren arte Lucas Ugarte ez zegoela Tolosako hilobian ehortzita, Erorien Haranean baizik. Obra frankista hura amaitzen ari zirenean, 1970eko urteetan, atera zuten hobitik, sendiaren baimenik izan gabe. «Tolosatik eraman zituzten beste dozena pare bat, eta halaxe egin zuten Euskal Herriko hainbat hilerritan ere», azaldu du Atorrasagastik. «Udal hilerriak izanda, garaiko kargudun publikoek edo langile publikoek tartean egon beharko zuten. Bertan ez ziren burua estalitako lagun batzuk agertu eta desobiratzeak gauez egin. Ikerketa lerro interesgarria da hori», nabarmendu du.

Beste familia batzuek senidea Erorien Haranetik ateratzeko eskaera egin zutela jakin zuten gerora. «Beti eragozpena zera zen:hobitik ateratzeko baimenik ez zegoela». Alta, Espainiako gobernu aldaketarekin batera, borondatea bestelako izan da, eta, hori baliaturik, Atorrasagastiren familiak aurrera egin du. Hala ere, bide horrek ahalegin berezia eskatu die, eta, euren kasuan, berenkabuz egin dute agiri bilketa guztia, abokatuaren bidez. EAEn memoria historikoaren legeri ez zegonez, hainbat udal eta auzitegi ziurtagiri lortu behar izan dituzte.

Erorien Haranaz arduratzen den erakundeak, Espainiako Ondare Nazionalak, Escorialera deitu zituen iaz. «Irudiek erakutsi eta azaldu ziguten nola zegoen eraikina. Basilika bat da, baina azpian zulatuta dago, eta tunel baten modukoa da, Sobietar Batasuneko metro geltoki baten tankerakoa. Hainbat kapera ditu, eta erdian kapera zentrala. Gure kasuan, badakigu ezkerreko kapera batean dagoela gorpuzkia. Piramideetan bezala, han sartu zituzten hildakoak, eta zigilatu».

Bilera hartan, hobitik ateratzeko eskaria aintzat hartuko zutela zin egin zieten, baina, ofizialki,duela aste batzuk jaso zuten konpromiso hori baieztatzen duen gutuna. «Gobernu zentralak aitortzen digu desagertutako senidea bilatzeko, aurkitzeko eta berreskuratzeko eskubidea dugula». Aitortza horri garrantzi berezia eman dio Atorrasagastik. «Punturik garrantzitsuena da konpromiso hori; eskubidea aitortzen zaigun heinean, martxan jartzen duelako prozedura oso bat».

Aurrean, «bide malkartsua»

Hala ere, ez da hor geratuko. Laginak laborategira iristeko «bide malkartsua» geratzen zaie. Hilotzak kutxatan daude, gainbehera eta erorita. Horregatik gorpuzkiak berreskuratzeko prozesua konplexua da: berreskuratzeko baldintza teknikoak eta identifikatzeko nahiko berme daudela ziurtatuz gero, laborategira iritsiko dira laginak: «Laborategian genetikoki familiartekoaren hezurdura dela frogatuko balitz, berreskuratuko genuke».

Atorrasagastiren arabera, sendiek laguntza instituzional oro eskertzen dute, baina uste du ez dela senideen gain jarri behar arduraren zama:«Senideek irekitako bideak balio dezala ez zekiten senideak ere bide horretan sartzeko. Erakunde publikoek hartu beharko lukete ardura». Haren ustez, hezurdurak ateratzeko sendien nahiaz harago, Erorien Harana eraitsi beharko litzateke: «Moralki ezin da onartu. Ez da soilik memoria historikoaren legea urratzen duela, baizik eta zerbait makabroa dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.