Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Gipuzkoa

Abertzaleak gailendu dira, EAJk eta EH Bilduk bina diputatu lortuta

EAJk berreskuratu du lehen tokia, eta emaitza onenak ditu 1982tik. Elkarrekin Podemosek hiru boto emailetik bat galdu du. Hori eta parte hartze handia alde izan dute alderdi abertzaleek eta PSE-EEk

Abertzaleak gailendu dira, EAJk eta EH Bilduk bina diputatu lortuta.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan ere boto emaileak mobilizatzeko gaitasuna erakutsi dute alderdi abertzaleek. Gipuzkoarrek lehenetsi egin dituzte Espainiako gobernabidean eragin dezaketen alderdiak, goberna dezaketenen alde egin beharrean. EAJk irabazi ditu bozak, eta EH Bildu izan da bigarren indarra. Duela hiru urte, bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren; Elkarrekin Podemos lehenengoa izan zen. EAJk eutsi egin dio diputatu kopuruari, baina gora egin du: 6 puntu eta 31.000 boto gehiago. Jarraian, EH Bildu: duela hiru urte galdutako diputatua berreskuratu du, Elkarrekin Podemosen kaltetan. Senatari guztiak abertzaleak izango dira: hiru EAJkoak eta bat EH Bildukoa.

Parte hartze handiak eta Elkarrekin Podemosen beherakadak baldintzatu ditu lurraldeko emaitzak: hiru boto emailetik bat galdu du alderdi horrek. 2015eko eta 2016ko bozetan gailendu zen, eta kolpea hartu du: 11 puntu eta 35.000 boto gutxiago, duela hiru urteko emaitzekin alderatuta. Orduan, bi diputatu lortu zituen; orain, bakarra. Eserlekua lortu duen azkeneko indarra izan da.



Galera horrek mesede egin die beste denei: EH Bilduk eta PSE-EEk ere gora egin dute, eta biek ere aurrea hartu diote Elkarrekin Podemosi. EH Bilduk 4 puntu eta 24.000 boto gehiago lortu ditu. Sozialistek eutsi egin diote diputatu bakarrari, baina gora eginez: 4 puntu eta 23.000 boto gehiago.

EAJk emaitza onenak ditu 1982. urtetik (125.000 boto). 2004tik ez zuen gainditzen 100.000 botoen langa. EH Bilduren erreferentziak azkenengo bozak eta 2011n Amaiurrek lortutakoak ziren. 2016koak zituen txarrenak, eta horiek eta 2015ekoak (81.200 boto; %21) hobetu ditu, baina 2011koetatik urrun geratu da: orduan botoen 130.000 boto lortu zituen (%35).

PSE-EEk alde izan du haizea, eta azken urteetako odolustea gelditzea lortu du. Ez hain aspaldikoak, hau da, 2008koak ditu lurraldean inoiz lortu dituen emaitza onenak: botoen %40.

Espainiako eskuinak ez du ordezkaritzarik lortu Gipuzkoan. Ez zuten aulkirik eskuratu aurreko bozetan ere, eta, ehunekoetan, gainera, pisua galdu dute: PPk eta Ciudadanosek botoen %13 lortu zituzten 2016an, eta orain, Vox ere gehituta, %10 eskas.

Mobilizazio handia

Parte hartze handiak ere eragin du emaitzetan. Inoizko handiena izan da herrialdean, lehenengo bozak —1977. urtekoak— eta 1982koak kenduta: horietan bietan ere jeltzaleak izan ziren garaile. 2016koetan txikienetan hirugarrena izan zen parte hartzea.

Gipuzkoako herri nagusiei dagokienez, EAJ buru izan da Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Tolosan eta Hondarribian; PSE-EE Irunen, Errenterian, Eibarren, Lasarte-Orian; eta EH Bildu Hernanin.

Hego Euskal Herriko emaitzak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.