Nahasmena sortu da berriro soilik baietz da baietz legearen inguruan. Iazko urrian indarrean sartu zenetik, nahi gabeko ondorio bat ekarri du Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Espainiako Lege Organikoak: dozenaka sexu erasotzaileren zigorrak berraztertu dira, eta horietako batzuk, murriztu. Espainiako Gobernuak asteburuan iragarri du legea aldatu egingo duela, baina Berdintasun Ministerioak ez du hor ikusten konponbidea, uste baitu legearen aplikazioan dagoela akatsa: «Erreforma penal batek ez ditu geldiaraziko kondena berrazterketak, zuzenbide iragankorra oker aplikatzearen ondorio baitira». PSOE, ordea, aurreratu egin da: araua aldatzeko lege proposamen bat aurkeztuko du Espainiako Kongresuan, Pilar Alegria bozeramaileak atzo iragarri zuenenez.
Zigorren ikuspegitik, sexu abusu eta eraso delituen bereizketa ezabatzea izan zen legearen aldaketa nagusietako bat: gaur egun, erasoak dira emakumeen sexu askatasunaren aurkako jardun guztiak. Horrek berekin ekarri du zigor tarteak zabalagoak izatea, eta epaileek ere interpretazio tarte zabala izatea. Beraz, delituak dakarren gutxieneko zigorra galdegiten ari dira hainbat erasotzaile. Adituek nabarmendu dute eskubidea dutela: presoarentzat onuragarrien den legedia aplikatzea «oinarrizko printzipioa» da.
Azken hilabeteetako kritiken ondoren, gobernuko sozialistek argi dute legea aldatu nahi dutela, baina ez nola: «Egoera konplexua da ikuspegi teknikotik». Justizia Ministerioko iturriek Efe berri agentziari aitortu diote ez dutela zirriborrorik, baina bai planteamendu bat: legearen aurreko Zigor Kodeko kondenetara itzultzea. Hots: urte bat eta bost urte arteko espetxealdia, indarkeria edo larderia erabiliz egindako erasoetan, edo biktimak borondatea ezeztatua badu; sei eta hamabi urte arteko kondena, sarketarik badago; eta, larrigarriak kontuan hartuta, zigorrak 5-10 urtera iritsi litezke sarketarik ez dagoen kasuetan, eta 12-25 urtera sarketa dagoenetan.
Alegriak ez du zehaztu proposamen hori eramango duten Kongresura, baina bai zigorrak handitu nahi dituztela, emakumeen onespenari buruzko artikulua aldatu gabe. Erantsi du «ahalik eta azkarren» prestatu nahi dutela testua, eta Unidas Podemosekin «batera» egin nahi luketela, baina adostasunik ez bada aurrera jarraituko dutela.
Printzipioz, gobernuko beste kideak ez du hain argi ikusten legea aldatzea, baina gaia aztertzeko prest azaldu da. Are, Berdintasun Ministerioak azaldu du abendutik hona hiru proposamen egin dizkiola PSOEri, gutxieneko zigorrei buruzko testuan «ukitu batzuk» egite aldera, eta, hala, zigor berraztertze batzuk saihesteko. «Interpretaziorako tarte txikiagoa uztea baina onespena erdigunean mantentzea» izan dute xede, Angela Rodriguez Berdintasunerako estatu idazkariaren arabera. Halere, berretsi du erreformak ez lituzkeela «zigor murrizketa guztiak» desagerraraziko.
Rodriguez prest agertu da negoziatzeko, baina ez du ontzat jo PSOEren proposamena, «aurreko sistemara itzultzea» delakoan, eta biktimentzat «froga kalbario» bat ekarriko lukeelakoan: «Jokoan dago emakumeei berriz galdetzea ea erasotzaileari aurre egin zion».
Izan ere, emakumearen onespenaren ideia txertatuz, legeak «paradigma aldaketa bat» ekarri zuela nabarmendu izan du Berdintasun Ministerioak, eta, orain, hori galtzearen beldur dira. Are gehiago PPk PSOEri eskua luzatu ostean, legea aldatzeko Unidas Podemosen botoen beharrik gabe.
Legea aldatu ordez, plan bat
Berdintasun Ministerioak beste bide batetik jo du, eta «premiazko» neurri sorta bat proposatu du legea «egoki» inplementatzeko. Besteak beste, jarduera hauek jaso ditu: emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegi bereziak bikoiztea eta eskumenak sexu askatasunaren aurkako delituen alorrera hedatzea; azterketa forentserako unitateak indartzea; trebakuntza espezializatua ematea justizia, barne, hezkuntza eta osasun administrazioetan; sexu indarkeriaren biktimentzako laguntzak martxan jartzea; osasun sisteman psikologia eta psikiatria zerbitzu espezializatuak sortzea; edota andreak babesten dituzten poliziak gehitzea.
Indarkeria matxista
'Soilik baietz da baietz' legea aldatzea Kongresuan proposatuko du PSOEk
Berdintasun Ministerioak ez du uste moldaketak zigor berrazterketen auzia konponduko duenik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu