Bi gazte atxilotu dituzte Lekeition, haien etxeak hiru orduz miatuta

Iaz kutxa automatiko bat erretzea egotzita atxilotu ditu Ertzaintzak, Auzitegi Nazionalak aginduta

Ertzaintzaren auto bat, atzo, Lekeition. BERRIA.
Uxue Rey Gorraiz - Gurutze Izagirre Intxauspe
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Lekeitioko bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, «ondasun materialen aurkako ustezko delitu terrorista bat» egotzita, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Auzitegi Nazionalarekin «elkarlanean» egin dituzte miaketak eta atxiloketak, oharraren arabera. Aroa Egia eta Ander Izagirre dira atxilotuak, BERRIAk baieztatu duenez.

Atzo egunsentian hasi ziren miaketak, 07:00ak aldera. Ertzaintzaren hainbat patruilak bi gazteen etxeak miatu zituzten Lekeition (Bizkaia). Gedar kazetaren arabera, hiru orduz egon ziren haien etxeak miatzen, eta 10:30ak aldera eraman zuten atxilo bietako bat. Hedabideak zehaztu zuenez, bigarrena ere atxilo eraman zuten, 11:15ean,Deustuko polizia etxera, kazetaren arabera.

Herrizaingo Sailak ohar batean azaldu zuenez, 2020ko maiatzaren 13an Ean (Bizkaia) kutxa automatiko bat erretzea egotzi diete bi gazteei. Gose greban zen Patxi Ruiz euskal presoari babesa adierazteko mobilizazio bat izan zen egun hartan hainbat herritan. Poliziak jakinarazi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 5. epaitegiaren aurrean deklaratu beharko dutela atxilotutako gazteek.

Atxilotutako gazteei babesa erakusteko, elkarretaratzera deitu zuten atzo arratsean, Lekeitioko San Kristobal plazan.

Babesa

Lekeitioko EH Bilduk txio bidez salatu ditu atxiloketak. Esan duenez, «atxiloketek mina areagotzea baino ez dakarte», eta babesa agertu die atxilotuei eta haien ingurukoei.

Lea Artibaiko Kontseilu Sozialistak ere babesa eta elkartasuna agertu die atxilotuei eta ingurukoei. Adierazi dutenez, «askatasun politikorik ezaren erakusgarria da». Eta, «estatu burgesen izaera autoritarioa areagotzen ari den honetan, klase elkartasuna oinarri, antolakuntza da daukagun bide bakarra», adierazi dute txio bidez. Elkarretaratzean parte hartzera deitu zuten. Tinko Amnistia taldeak ere babesa agertu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.