Ofizialki, bihar emango du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak koalizio gobernua osatuko duten ministroen berri, baina Espainiako albiste agentziak hasi dira horien inguruko informazioa hedatzen. Horren arabera, Arancha Gonzalez legelaria (Donostia, 1969) izango da Atzerri ministro berria.
Gonzalezekin, hiru izango dira euskal jatorrikoak Espainiako ministroak, Fernando Grande-Marlaskak (Bilbo, 1962) eta Isabel Zelaak (Bilbo, 1949) eutsi egingo baitiete Barne eta Hezkuntza ministerioei, hurrenez hurren. Zelaak gobernuaren bozeramailea izateari utziko dio.
2013. urteaz geroztik Gonzalez zuzendari exekutiboa da ITC Nazioarteko Merkataritza Zentroan, eta NBEko idazkariorde nagusia ere bada ordutik NBE Nazio Batuen Erakundearen eta MME Munduko Merkataritza Erakundearen barrukoa da ITC, eta Suitzan du egoitza. Hainbat lan egin izan ditu Europako Batzordean, nazioarteko harremanetan, merkataritzan, komunikazioan eta garapenerako lankidetzan. Zuzenbideko graduatua da, Nafarroako Unibertsitatean.
Gobernu berriak «diplomazia ekonomikoaren inguruko» pertsona bat nahi izan du Josep Borrell ordezkatzeko Atzerri Ministerioaren buruan, Espainiako albiste agentziek, Moncloako iturriak aipatuta, adierazi dutenez. Gonzalez aditua da nazioarteko harremanetan, merkataritzan eta ekonomian, eta esperientzia zabala du sektore publikoan zein pribatuan, ITCren webguneko profilaren arabera. Haren lana izango da Espainiaren interes ekonomikoak defendatzea nazioartean.
Donostian jaioa da Gonzalez, baina Tolosan (Gipuzkoa) oso errotuta dago eta tolosartzat du bere burua. 2011. urtean El País egunkarian egindako elkarrizketa batean esan zuen «bitxia» izan dela beti: «Tolosan, etxean gaztelaniaz hitz egiten zuena nintzen, eta euskara herdoilduta neukan; Bruselan, emakumezko bozeramailea; MMEn, emakumezko lehenengo kabineteburua, eta gazteena».
Elkarrizketa hartan adierazi zuen «botere gutxi» zuela, «baina eragiteko gaitasun handia». Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz, alemanez eta ingelesez daki.
Ministro gehiago
Ministro gehiagoren izenak ere eman dituzte, eta baieztatu dute Fernando Grande-Marlaska epaile bilbotarrak Barne Ministerioan jarraituko duela. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile ezaguna da. Euskal Herriko gatazkarekin lotutako hainbat kasutako instrukzio epaile izan zen, eta haren agindupean egindako hainbat polizia operaziotan atxilotutakoek tortura salaketak egin izan dituzte. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ere kargu hartu dio Marlaskari behin baino gehiagotan, tortura salaketa horiek behar bezala ez ikertzea egotzita.
Isabel Zelaak Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioa gidatzen jarraituko du, baina ez da izango gobernu berriaren bozeramailea, eta Maria Jesus Monterok hartuko du Zelaak orain arte betetako postu hori. Espainiako Gobernura iritsi aurretik,PSE-EEren hezkuntza arloko arduradun nagusietako bat izan zen Zelaa. Fernando Buesa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izan zen garaian sailburuorde aritu zen, eta 2009tik 2012ra, Patxi Lopez lehendakaria zelarik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua izan zen.
PSOEk alderdiko itzal handiko jendearen alde egin du ministerioak osatzeko. Jose Luis Abalos da haietako bat: Garraio eta Mugikortasun ministro izango da. Reyes Marotok ere jarraitu egingo du Industria ministro gisa.
Gobernuaren bozeramaile izatearen ardura hartzeaz gain,Ogasun Ministerioa zuzentzen jarraituko du Maria Jesus Monterok. Karguari eutsiko diote Pedro Duque Zientzia ministroak, Luis Planas Nekazaritza ministroak eta Margarita Robles Defentsa ministroak. Osasun ministroa, berriz, Salvador Illa izango da, PSCko buruetako bat.
Sanchezen gobernuak ministerio berri bat izango du: Gizarte Segurantza, Inklusio eta Migrazio Ministerioa. Jose Luis Escriva izango da ministroa. Bestalde, Unidas Podemosek proposatutako ministroak lau izango dira: Yolanda Diaz Lan ministroa, Manuel Castells Unibertsitate ministroa, Alberto Garzon Kontsumo ministroa eta Irene Montero Berdintasun ministroa.
Gonzalezekin, hiru izango dira euskal jatorriko ministroak Espainian
Arancha Gonzalez tolosarra Atzerri ministroa izango da Sanchezen gobernu berrian. Grande-Marlaskak eta Zelaak jarraitu egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu