Egunek aurrera egin ahala, gero eta beso gutxiago dira COVID-19aren kontrako zizta jaso gabeak. Txertaketa kanpainaren erritmoak gorabeherak izanik ere, prozesuak aurrera segitzen du, eta, hain zuzen, beste mugarri bat erdietsi berri da Hego Euskal Herrian: hamar lagunetik zazpik dagoeneko osatua dute txertaketa pauta; zehazki, 2.027.565 lagun dira multzo horretan. Kanpaina abiatu zenetik, hainbat adituk nabarmendu dute %70eko langa gainditzeak berebiziko garrantzia duela gaitzaren hedapena eragozteko zirrikituak ixteko.
Espainiako Osasun Ministerioak ematen du Hego Euskal Herriko osasun sistemen txertaketa abiadaren gaineko informazioa. Pauta osatua dutenen kopurua zehazteaz gain, beste datu bat ere eguneratu du, astelehenero bezala: Hegoaldeko herritarren %77k jadanik hartua dute txertoren bat, 2.229.908k. Kalkulu horiek egiteko, ministerioak adin tarte guztietako herritarrak hartzen ditu aintzat. Edonola ere, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak are gehiago zehaztu dute datua: Nafarroan, txertoa har dezaketenen artean, 12 urtez gorakoen artean, %80k osatu dute txertaketa pauta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %79k.
Transmisioa, arintze bidean
Kutsatuen kurbak maldan behera segitzen du Hegoaldean. Izurriaren bosgarren olatu deiturikoak uztailaren hondarrean jo zuen goia, eguneko bi mila positibo inguru zenbatuta, eta, ordutik, indarra galtzen ari da, argiki. Barealdia gero eta agerikoagoa da; hala erakusten dute transmisioari loturiko aldagaietako datuek. Herenegun 366 positibo detektatu ziren Hegoaldean egindako testetan; bezperan, 335. Hain zuzen, begirada orain bi hilabetera zuzenduz gero, egun bakarrean atzemandako kasu kopuruak joan den asteburuan izan dira apalenak. Gainera, datuek agerian uzten dute azken bi egunak ez direla salbuespenak izan: azken hamalau egunak aintzat hartuta, eguneko 645 positibo zenbatu dira batez beste. Kopurua ia hirukoitza zen duela hilabete: uztailaren 30ean, 1.764.
Zehazki, Bizkaian 148 kasu atzeman zituzten; Gipuzkoan, 98; Nafarroan, 70, eta Araban, berriz, 44. Guztira 4.328 proba egin ziren gaitza atzemateko. Hortaz, %8,5 izan zen positiboen ehunekoa.
Halaber, aipatzekoa da intzidentzia tasa metatuak lau lurralde horietan izandako beherakada. Ostiraletik, tasa 400dik beherakoa da horietan guztietan; hau da, azken bi asteetan 400 kasu baino gutxiago zenbatu dituzte 100.000 biztanleko.
Halaber, ospitaleei dagokienez, Hego Euskal Herriko osasun sistemek 32 lagun erietxeratu zituzten igandean gaitzarekin eri. Horiek kontuan izanda, oraintxe bertan guztira 379 lagun daude ospitaleratuta. Zehaztu dutenez, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 99 dira, larri. Gainera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du birusarekin eri zen pertsona bat hil dela herrialdean.