Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Araba

EAJk irabazi du, eta EH Bilduk lortu du laugarren eserlekua

PSE izan da bigarren indarra, baina EAJtik oso gertu. Diputatu bana izango dute PSEk, EAJk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk. PP ordezkaririk gabe geratu da

EAJk irabazi du, eta EH Bilduk lortu du laugarren eserlekua.
edurne begiristain
Gasteiz
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

Lehia estua iragarrita zegoen Araban, eta aurreikuspen guztiak motz geratu dira. EAJk irabazi ditu hauteskundeak, baina oso boto gutxirengatik irabazi dio PSEri. Bien artean 604 botoren aldea egon da. Jeltzaleek erdietsi dituzte boto gehien herrialdean. %22,74ko babesa izan dute (40.199 boto), eta duela hiru urteko emaitzak asko hobetu dituzte, 13.496 boto gehiago lortuta.

PSE-EE izan da bigarren indarra. Botoetan gorakada handia izan dute sozialistek ere, eta, jeltzaleek bezala, duela hiru urte baino 13.200 boto inguru gehiago erdietsi dituzte. Sozialistek eserleku bat erdietsi dute Araban, eta bana EAJk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk. Botoen %100 zenbatuta, honako hauek izan dira emaitzak: EAJk bozen %22,74 eskuratu ditu (40.199boto); PSEk, %22,40 (39.595 boto); Elkarrekin Podemosek, %17,73 (31.346 boto); EH Bilduk, %13,96 (24.687 boto); PPk %13,75 (.24.304 boto); Ciudadanosek, %3,98 (7.039 boto); eta Voxek, %3,16( 5.587 boto).



Elkarrekin Podemosek ezin izan ditu errepikatu duela hiru urteko emaitzak, eta, lehen indarra izan ostean, hirugarrena da orain. Beherakada handia pairatu du alderdi moreak, bidean botoen erdiak galduta: 20.000 boto inguru galdu ditu. Nolanahi ere, Juan Lopez de Uralde buru duen hautagaitzak eutsi egin dio aurreko legealdian zuen eserlekuari, eta arabarra diputatu izango da berriro Kongresuan.

Maroto ez doa Madrilera

Motel joan da Arabako boto zenbaketa, gainerako herrialdeena baino askoz astiroago, eta nahiko berandu jakin da eserlekuen behin betiko banaketa. Horrenbestez, azken unera arte ez da argitu azken eserlekuaren borroka nork irabazi duen. Laugarren diputatua dantzan egon da EH Bilduren eta PPren artean. Lehia estua iragarrita zegoen bi alderdien artean, eta aurreikuspenak bete dira. Azkenean, 380 boto gutxiren arabera makurtu da balantza EH Bilduren alde, eta PPren kaltetan. EH Bilduk erdietsi du eserlekua, eta, beraz, Iñaki Ruiz de Pinedo abertzale beteranoa egongo da Kongresuan. Botoetan, duela hiru urte baino 8.800 boto gehiago lortu ditu EH Bilduk.

PPri, ordea, justu kontrakoa gertatu zaio. Emaitza oso txarrak izan ditu eskuineko alderdiak, eta 11.000 boto inguru galdu ditu 2016ko bozen aldean. Gainera, Javier Maroto ez da egongo Madrilen. Lehen aldia da 1989tik PPk ez duela eserlekurik lortzen Kongresuan.

Posta bidezko botoak berebiziko garrantzia izan du lurraldean, eta inoizko handiena izan da: 28.198 boto eman dira bide horretatik, erroldaren %10,9 (2016an 579 izan ziren). Maiatzaren 1etik 4ra bitartean kontatzen dira atzerriko botoak, eta ikusiko da behin betiko emaitzetan eragina duen, batez ere laugarren eserlekuan.

Senatuko emaitzei dagokienez, EAJk hiru ordezkari izango ditu, eta PSEk bat.

Hego Euskal Herriko emaitzak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.