Baraua: praktika osasungarria?

Epe jakin batean elikagaiak ez sabeleratzean datza baraua; gero eta jende gehiagok egiten du aldizkako baraua. Nutrizionista batzuek aldarrikatu egiten dute, eta beste batzuek, aldiz, ez dute gomendatzen.

BERRIA.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Hamaika arrazoi direla medio, historiako garai ezberdinetan gizakiak baraua egin izan du. Denbora tarte jakin batez elikagaiak sabeleratzeari uztean datza baraua, eta arrazoi erlijiosoak, espiritualak eta terapeutikoak dira ohikoenak. Protesta politiko gisa ere egin izan da maiz —orduan, gose greba deitzen da—; baina praktika aitzindaria izanda ere, azken urteetan gorakada nabarmena izaten ari da. Osasunaren izenean edo argaldu nahian egiten dute baraualdia herritar askok.

Ugaritzen ari da bizimodu osasungarriaren izenean baraualdia egiten dutenen kopurua, eta gero eta gehiago dira, halaber, baraualdia gomendatzen duten nutrizionista, dietista eta medikuak. Beste batzuek, ordea, ebidentzia zientifiko nahikorik ez dagoela iritzita, orokorrean ez dute baraualdia aholkatzen.

Baraua eguneroko errutinan txertatua dutenek aldizkako baraualdia egiten dute; hau da, eguna bi zatitan banatzen dute: jan dezaketen orduak eta jan ezin dezaketen orduak. Ezarritako patroiaren arabera, aldakorra da baraualdiaren iraupena: 12 ordukoa, 16 ordukoa edo 23 ordukoa izan daiteke, besteak beste. Egun bateko baraualdia ere egiten dute zenbaitek tarteka; baina baraualdia luzeagoa denean —3,5 edo hamar egunekoa, adibidez—, horretarako prestatutako zentroetan egin ohi da. Mokadurik probatu gabe igarotzen den denboran, ura edatea baimenduta dago, eta, kasu batzuetan, infusioak, zukua eta kafea ere har daitezke.

Endika Montiel nutrizionistak «barau kontzientea» aldarrikatzen du. «Barau kontzientea geure burua hobeto ezagutzeko praktika bat da, elikadurari buruz sartu dizkiguten ideia oker guztiak alboratu eta geure kabuz pentsatzen hasteko». Aldizkako barauan da aditua, eta zorrotz esan du baraua ez dela inondik inora moda bat, praktika aitzindaria baizik: «Gure arbasoek egiten zuten zerbait da, eta apurka galduz joan garena; sinesgaitza dirudien arren, historikoki oso ohituta egon gara gosez bizitzera». Montielen aburuz, gaur-gaurkoz ezarrita dagoen elikadura ereduak gehiegi jatea bultzatzen du, eta hori kaltegarria da gorputzarentzat.

Montielek goi mailako kirolariekin egiten du lan, eta bi kontsulta ditu Bizkaian: Bilbon eta Mungian. Aldizkako barauaren aldeko jarrera duen arren, garbi du gorputzaren metabolismoa gradualki eraldatu behar dela, eta ezinezkoa dela egun batetik bestera organismoak urteetan ikasitako elikadura ohiturak errotik aldatzea. «Garrantzitsuena apurka hastea da, adibidez, hamabi orduko baraualdiaren ereduarekin». Izan ere, orduak ondo aukeratuz gero, «erraza» izan daitekeela ohartarazi du nutrizionistak. «20:00etan afalduta eta hurrengo goizean, 08:00etan gosalduta, hamabi orduko baraualdia egin duzu». Nahiko era inkontzientean egiten da baraualdi hori, eta Montielek eredu hori gomendatzen du hasiberrientzat.

«Nork bere burua jan»

Baraurik egondako tarteak autofagia izeneko mekanismoa ahalbidetzen duela baieztatu du Montielek. Autofagia hitzak grezieraz «nork bere burua jan» esan nahi du, eta gorputzaren prozesu metaboliko bat da. Organismoa «garbitu» egiten da; zelulak «birziklatu» egiten dira,batzuk birsortuz eta osasunarentzat kaltegarriak diren substantziak suntsituz.

Hain zuzen, 2016. urtean,Yoshinori Ohsumi japoniarrak Medikuntzako Nobel saria eskuratu zuen autofagiaren inguruan egindako ikerketa zela eta. Ohsumiren aburuz, eta Montielek azaldu duenaren arabera, baraualdiak autofagiaren aktibazioa ahalbidetzen du:«Gorputzak gaitasuna dauka jan gabe ere energia ekoizteko, autofagiaren ondorioz gorputza bere kabuz garbitzen da, zelulak etengabe berriztatzeko gai direlako. Urtez urte pilatutako zaborra erabiltzen du behar duen energia eskuratzeko; kanpotik elikagairik ez jasotzean, barneko gantza erabiltzen du energia iturritzat organismoak». Montielek esan duenaren arabera, autofagia martxan jartzeko nahikoa litzateke hamabi orduko baraualdia egitea. Hortik aurrera, badira bestelako eredu zorrotzagoak.

Nerea Segura dietista-nutrizionistak bestelako ikuspegia dauka. Kritiko agertu da autofagiaren prozesua orokortzearen inguruan. «Ikerketak egiten direnean hartzen da bizilagun jakin bat. Autofagiaz hitz egitean zehaztu behar da zer-nolako pertsonarekin egin den ikerketa hori, zer-nolako baraualdia egin duen eta zer lortu nahi den. Oso egoera jakin bat aztertu da; gero ezin dugu esan hori denontzat ona denik». Seguraren aburuz, bi faktorek esplikatzen dute aldizkako barauaren loraldia:«Bogan dago, batetik, famatu batzuek sustatu dutelako; eta, bestetik, yogaren mundutik eratorritako alderdi espiritualarengatik». Aldizkako barauaren onurak «aski frogatuta» ez daudela iritzita, bere pazienteei orokorrean ez die gomendatzen baraualdia egitea. Orain arteko ikerketak «erdipurdikoak» izan direla baieztatu du Segurak. «Ikerketa gutxi egin dira, nahiko laburrak eta gehienak animalietan; ezin da ondorio orokorrik atera esanez baraualdia edonorentzat ona dela». Kasuan-kasuan eta egoeraren arabera aplika daitekeen estrategia dela uste duen arren, berak «salbuespenezko kasuetan» bakarrik aplikatu du. Segurarentzat, aurtengo «mirari dieta» da aldizkako baraualdia, eta zenbait pertsona ezagunek hedatutako mezuek eragin dute domino efektua. «Arazoa da dieta hori errepikatzen dutela, baina ez dituztela pertsona horien gainerako bizi ohiturak kontuan hartzen: erretzen duten edo ez, alkoholik edaten duten ala ez, ariketa fisikoa egiten duten...».

Garazi Abasolo dietista-nutrizionistak kontsulta bat du Bartzelonan, eta erdibideko iritzia dauka. Segurak bezala, uste d proba «zientifikoak» falta direla eta ezin dela baieztapen irmorik egin. «Gauza gehienak bezala, galdera izango litzateke zeinentzat eta zertarako». Halere, onartu du onura batzuk ere izan ditzakeela, eta gorputz batzuetan eragin positiboa izan dezakeela. «Aldizkako baraua elikadura estrategia bat gehiago da; batzuentzat egokia izan daiteke, eta beste batzuentzat, ez». Onuren artean, benetako gosea eta apeta bereiztenikastea, gorputzaren gantz portzentajea murriztea eta odolean dagoen glukosa —azukrea— murriztea aipatu ditu Abasolok. Haren ustez, baina, aldizkako baraua egitea erabakitzen duten gehienek argaltzeko asmoz egiten dute, eta helburu hori betetzeko badira beste bide batzuk. «Pisua galtzeko, kontua da egunean jaten diren kaloria kopurua murriztea. Egin diren azterketetan ez da frogatu aldizkako baraua otordu gehiagotan kaloria gutxiago jatea baino eraginkorragoa denik».

Gauzak horrela, pertsona bakoitzari doitutako plana egitearen aldekoa da Abasolo. Montielek ere, baraua defendatzen duen arren, garbi du ez dela baliagarria edonorentzat, eta gorputza «ohitzea» ezinbestekoa dela. «Baraualdian baino arazo gehiago sortzen dira jatea baimenduta dagoen tartean; askok betekadak izaten dituzte». Denaren erroan «ondo jaten ikastea»dagoela esan du. Bat dator Abasolo: «Kontsultara datozen gehienei ondo jaten irakatsi behar zaie; behin hori lortuta, has gaitezke estrategia ezberdinak probatzen». Montielek, kasurako, baraualdiaz gain, otorduetan zer jan zehazten die bezeroei. «Elikagai errealak jan behar dira; hau da, zuzenean naturatik eratorritakoak, zorroetan datozen elikagai prozesatuak saihestuz».

Karmelo Bizkarra mediku higienistak gaineratu du gorputzak funtzionatzeko behar duena baino gehiago jateko ohitura sustatu dela azkenaldian. «Nahiko bizitza sedentarioa dugu, ez da beharrezkoa egunean bost edo sei otordu egitea». Are, uste du gehiegizko elikadura sakoneko beste arazo batzuen erakusgarri dela. «Ez gara gure gorputzaren beharren arabera elikatzen, hutsune emozionalak betetzeko irensten dugu».

«Terapia 'magna'»

Bizkarrak barauaren ikuspegi zabala du, terapeutikoa. Zuhaizpe osasun zentroko zuzendaria da, eta barauaren bidez artatzen ditu bertaratutakoak. Bizkarrarentzat «terapia magna» da. Zentroan dauden artean, pazienteek ura bakarrik hartzen dute, eta epea kasuan kasukoa izaten da. «Gaixotasunaren edo beharren arabera; hiru egun, bost egun edo hamar egun iraun dezake baraualdiak». Bizkarrak ohartarazi du ez dela gaitzik eduki behar zentroan egoteko, prebentzio neurri gisa ere eraginkorra dela baraua. «Digestioa egiteko behar duen indarra beste prozesu batzuk egiteko erabiltzen du gorputzak baraualdian». Horrela, beste organo batzuen «desintoxikazioa» abiatzen da. Lau zerrendatu ditu Bizkarrak: gibela, birikak, giltzurrunak eta azala. Organo horiek «zikinkeria» kanporatzen dute, gorputza garbituz. Bizkarrak zehaztu du barauak ez duela gorputza «sendatzen», baizik eta gorputza berekabuz «sendatzen» dela baraualdian.

Nutrizionistek ohartarazi dute pertsona askok baraualdia argaltzeko asmoz eta era «inkontzientean» egiten dutela. Bizkarrak oso argi du:«Baraua argaltzeko egiten bada, ez da ondo aterako, gantzaren galera ondorioetako bat da, baina ezin da helburua izan». Abasolok kontatu du berak probatu duela aldizkako baraualdia, eta ez ziola onik egin. «Gosaltzen ez nuenean, eguerdian bikoitza jaten nuen». Abasolok gutxitan aplikatu du aldizkako baraua pazienteekin. Adituak bat datoz baraualdia egiteko kontrol profesionala ezinbestekoa dela. «Ez da ona nor bere kabuz hastea baraualdia egiten, jakin gabe zer bilatzen den eta zer ondorio izango dituen», ohartarazi du Segurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.