Gorrek kontatzeko dutena

Antoni Abadek 'Belarri gorrak' proiektua ondu du Multiverso bekarekin. Maiatzaren 7ra arte egongo da ikusgai, Arte Ederren Museoan

Antoni Abaden Belarri gorrak proiektuaren aurkezpena, atzo, Bilboko Arte Ederren Museoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Ahozko hizkuntza sortu baino lehen, gizakiak keinu bitartez jartzen ziren harremanetan. Agian ez zen zeinu hizkuntza, baina keinuak ziren», gogoratu dio gizon batek emakume bati. Bilboko Arte Ederren Museoko horma batean ageri dira, bideo batean. «Ahozko hizkuntza agertu zenean, ordea, zeinu hizkuntza ahaztu zuten», jarraitu du. Utopiaren eta errealitatearen inguruan elkarrizketan ari dira, zeinu hizkuntzan. Izan ere, entzumen desgaitasuna dute. Antoni Abadek Multiverso bekarekin sortutako bideoinstalazioa da: Belarri gorrak. Kataluniako Pertsona Gorren Federazioko hamasei kidek hamalau gai aukeratu, eta haien inguruko elkarrizketak sortu dituzte. Proiektua maiatzaren 7ra arte egongo da ikusgai museoan.

«Helburua zubiak sortzea da, entzun dezaketen pertsonen eta entzumen desgaitasuna duten pertsonen artean», azaldu du Abadek. Utopiaz hizketan ari direnen ondoan, beste bi kide daude. Poza eta tristura da eurek aukeratu duten gaia. «Alde batetik, inklusioari eta pertsona gorren autonomiari buruzko gaiak landu dituzte; eta, bestetik, beste hainbat kontu: erotika, egia eta gezurra, diktadura eta anarkia...», zehaztu du egileak.

Grabazioek azpitituluak dituzte. Eta braillean eta makrokaraktereetan inprimatutako transkripzioak ere eskuragarri daude instalazioan bertan. Elkarren ondoan dauden bi pantaila handitan ikus daitezke elkarrizketak: «Plano zehatzak dira, hondo zuri batean eginak eta apaingarririk gabe; eurek azaltzen digute nortzuk diren eta zer nahi duten». Grabazioetan hizketan ari direnen soinuak entzun daitezke.

Serieko lehen proiektua

Arte historialaria da Abad, baina 21 urte daramatza bazterketa arriskuan dauden kolektiboekin lanean; hala nola Mexiko Hiriko taxilariekin eta Nikaraguako migratzaileekin Costa Rican. Honako hau izan da gorrekin ikus-entzunezko bat sortu duen lehenengo aldia. «Existitzen diren aniztasunen artean, bakartuena da». Eta, hori aldatzeko, «ale txiki» bat jarri nahi izan du: «Bideo-instalazio honen bitartez, pertsona gorrekin harremanik ez dutenek euren berri izan dezaten nahi izan dut, eta jakin dezaten zeri buruz hitz egiten duten». Adierazi duenez, hezkuntza inklusiboak « gehiago» egin beharko luke: «Eskola batzuetan pertsona gorrak eta entzuten dutenak batera daude, eta guztiek ikasten dute zeinu hizkuntza; hori da eredu ona».

Multiverso bekarekin egindako lana da Belarri gorrak. BBVA Fundazioak eta museoak elkarlanean sortutako egitasmoa da. Eta bideoartea eta arte digitala sustatzen ditu. 2018an, Multiverso beketarako deialdi ireki bat antolatu zuten, baina pandemiak proiektuak geldiaraztea eragin zuen. Orain jarri dute berriro martxan. Abadena izan da museoan aurkeztu duten lehenengoa. Hurrengo hilabeteetan, gainerako bostak aurkeztuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.