Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan. Liburu bat. Bidaia bat ere bai, hiru mugarri nagusi izan dituena. Lehena, duela 11 urte: 14 urte bete berri zituen nerabeak amarengandik jaso zuen Xabier Leteren azken poema liburua Egunsentiaren esku izoztuak. Ainhoa Urien Telletxea (Abadiño, Bizkaia, 1995) zen alaba hura. Hasieran, erabat ulertu gabe irakurri zituen hango bertsoak, «liluraz», Urienek atzoprentsaurrekoan esan zuenez.
Lilura hori ez da sekula desagertu, eta EHUn filosofia ikasten hasi, eta poemak idazten ere hasi zen gaztea. Hala, gradu amaierako lana egiteko tenorea iristean heldu zen bidaiaren bigarren geldialdia: bere poemak eta Leterenak berrirakurtzen hasi zen Urien. «Ordurako, bazebilen ideia bat nire buruan: sorkuntza lanek izan badutela funtzio terapeutikoa, makalaldi fisiko zein emozionaletan poesia idaztea salbabide bat izan daitekeela».
Letek urte asko pasatu zituen gaixo, eritasun degeneratibo eta kroniko batekin bizi beharrean. «Eta bai, 14 urterekin sumatu ez nuena karrera bukatutakoan baieztatu nuen, 22rekin: Letek hitzaren bidez, sorkuntzaren bidez, baretu zituen bere min eta kezka batzuk. Poesia zaurien ukendu izan zen harentzat».
Hala heldu zen bidaiaren hirugarren geldialdia, Antiguako (Donostia) frontoian Joxerra Garzia ezagutu zuen egunera. Azken horrek honela gogoratu zuen egun hura, atzo: «Ainhoa pilotari moduan ezagutu nuen. Frontoi hartan jakin nuen filosofia bukatzen ari zela, eta graduaren jabe egiteko lanari Poesia, zaurien ukendu izena jarri ziola». Izenburuak erakarrita, testua irakurtzen uzteko eskatu zion Garziak Urieni, eta azken horrek onartu. «Lan akademiko hartatik orain argitaratzen den testura egin den bidean, partaide izateko ohorea eta plazera izan dut». Idazlearen ikerketa «eredugarri» jo zuen Garziak, erabili duen metodologia xumea nabarmenduz: irakurri, entzun, bizi eta idatzi. «Tokatzen zaion egoeraren berri ematen ez dakiena omen da arlotea, eta ikerketa itxuraz xume hau bezalako gehiagoren beharra daukagu, geure izatea esplikatzeko».
Ibilbidea
Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan liburua «kronika literario bat da», egilearen esanetan; «liluraz egindako bidaia baten kontaketa». Leteren oinaze eta zaurietara ukendua isuri zuten poemetako hitzen bila egindako bidea. «Barne bidaia baten kontakizuna ere bada, aldi berean». Saiakeratik, kronikatik, poesiatik, biografiatik eta autobiografiatik baduen lana; Urienen lehena. Pamielak argitaratu dio. «Xabier Leteren poemak izan ditut bidelagun, eta geldialdi zoragarriz bete dut bidaia: haren jaioterria, Oiartzun, erakutsi zidan Arantxa Letek; haren bizitokia, Urnieta, Santi Sanchezek; bi horietatik gertu, ia bigarren bizitoki bihurtu zitzaion Donostia ospitaleko pasiloetan ibili nintzen Felix Zubia medikuarekin». Ez dira bere liburua ontzeko bisitatu dituen pertsona bakarrak. Liburua ez da helmuga, gainera: «Bidaia ez da bukatu, baina nik amets bat bete dut».
Aldarrikapena ere erantsi zion Urienek atzo bere lanaren aurkezpenari: «Xabier Leteri zor diogun aitortzaren aldarrikapena izan nahi du liburu honek. Izan dadila lan hau hasiera bat merezimendu hori ematen hasteko, ez baitiogu merezi besteko begirunerik hark hitzen bidez eskaini digun munduari».
Leteren poesiarekiko liluraren kronika terapeutikoa
'Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan' eman du Ainhoa Urienek. Lehen liburua du, eta Pamielarekin plazaratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu