Samara Velte.
LARREPETIT

Hutsunea

2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
«Zer, iritsi al da Italia?». Entrega ordua aspaldi igarota geneukan arren, tonu pausatuan galdetzen zigun, beste zigarro bat erretzeko astia ote zeukan edo ez deliberatzen bezala. Italia izan zitekeen hauteskundeen emaitza, Aita Santuaren izendapena edo azken orduko beste edozein albiste: nazioarteko sailean, ohikoena zen egunak luzatzea, inprentakoek eta kazetarion bikotekideek nahi luketen baino gehiago. Guk orriak amaitzen genituen eta Lurdesek bidaltzen zituen; eta behar zenetan kendu ere egiten zituen, paperezko esferatik bueltan ekarriz. Pazientziaz jasaten gintuen ordu haietan eulien modura mahaira hurbiltzen gintzaizkionean, orri kutrea bere titular eta argazki guztiekin ondo geratu ote zen ikusteko. Bere OK-a zen egunaren amaierako txirrina, etxera lasai antzera joan zintezkeela sentitzeko unea.

Joan den astean, zutabea idazten amaitu eta gutxira jakin nuen Lurdesen heriotzaren berri. Automatikoki etorri zitzaizkidan burura tentsioan pasatako iluntze eta azken orduak, erredakzio ia hutsa, eta bere lasaitasuna beti, «Zuek lasai, konponduko dugu» esanez bezala. Oroitzapen mingarriak ziren bat-batean.

Lantokia uztean, bueltan dena berdin topatzea espero dugu inkontzienteki; horregatik dirudite hain ulergaitzak tarte horretan gertatzen diren desagerpenek. Etxean gotortuta igaro ditugun bi hilabeteotan, beste askori ere gertatuko zitzaien. Beilatokiek funtzio jakin bat betetzen dute pertsona baten galera onartzeko prozesuan: hilotza azkenekoz ikustea beharrezkoa da aldaketaren onarpenerako, pertsona heriotzaren eremuan uzteko. Hura berriz ikusten ez dugunean, ordea, gure buruko irudiak baizik ez ditugu eskura desagerpen horri forma emateko; hutsune batekin ikasi behar heriotza onartzen. Hutsuneak, baina, desagertutako pertsona edozein tokitan irudikatzeko aukera ere ematen digu. Nik toki eder batean irudikatuko zaitut, Lurdes, zigarroa eskuan eta «lasai, konponduko dugu» esanez bezala begiratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.