Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Korrika, nora iristeko

2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Amaitzear da beste Korrika bat. Urduritasunak bustitako itxaronaldiaren ostean, di-da pasatzen da korrikaldia; laster batean doa modu horretan hunkitzeko eta kohesionatzeko beste ezerk ez bezalako indarra duen herri ekimena. Konpromisoak hartzeko deia egin dute aurtengoan, esatetik ekiterako urratsa egiteko garaia delakoan; eta, nik gehituko nuke, konplexuak etxean uztekoa.

Ematen baitu, zenbaitetan, ez dakigula buelta ematen entzutearen entzuteaz sinestera ere ailegatu garen zenbait diskurtsori; esate batera, inposizioa ala askatasunaren auzia. Debate faltsua da hori; hizkuntza normalizazioa norberak zer hizkuntzatan egin aukeratzeko ahala bada, hots, euskaraz egitea hautu bat bada —eta horretan bat etor gintezke sozialista euskaldun edota ezkertiar espainol eta liberal frantsesekin, kasurako—, guztiok jakin behar dugu euskaraz, ondoren norberak zer hizkuntzatan egin erabakitzeko eta guztien askatasuna bermatzeko. Urrats logikoa dirudi, baina ondorio horrekin ez datoz bat aipaturikoak. Euskal Herrian, erdaraz ezin baita ez jakin; behartuta gaude erdaraz jakiten. Gizarteko egitura guztietan bermatu behar da behar hori euskararekin ere, nork bere hautua egin dezan. Hori, hasteko.

Bestalde, nago normalizazioa nork bere modura ulertzen duela. Hor dago publiko eta pribatuaren arteko eztabaida, direnik eta ezkertiarrenen artean ere. Nola irudikatzen dugu hizkuntza normalizatzen deneko gizartea? Bistan da ez dugula egungo ekoizpen gizarte neoliberala nahi, ados; baina, normalizazioaren eskutik etorriko al da —etorri behar al du— gizartean beste balio batzuk nagusitzea? Ez al da paraleloan egin beharreko lana, euskarari zama doblea jarri baino? Eta, batez ere, horren kostua ordaintzeko prest al gaude? Eztabaidatu beharrekoak dira, galderotan katramilatzen utzi gabe, zeren, bestela, laster batean aurreratuko baikaituzte ezker-eskuin autoan eroso ibiltzera ohituta dauden horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.