Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Urriaren bateko porrotaz

2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Kazetariek, komisarioz jantzita sarri, galdetzen diete hankabikoei: non zeunden zu urriaren batean? Zeren norberak badu bere urriaren lehena. Bere espektatibekin, kalkuluekin. Baina azaroa iristerako jabetu ginen, gaur bost urte, zeinen inozoak izan ginen, nola fede onak ez duen fede onaz besteko ezer sortzen eta nola fede ona izan daitekeen aski latza.

Spinozak idatzi zuen Etika-n esperantza pozaren afektu bat dela. Baina esperantza paradoxazko garai batean sortzen dela, garaiz kanpo datorrela. Orain, Greziako jendeak ezezkoaren erreferenduma irabazi eta ezkerrak ezezkoari traizio egin zionetik. Orain, Kataluniako jendeak Espainiako Estatu ia osoaren kontra ezinezko erreferendum bat antolatu eta erreferendumaren alde zeudela zioten politikariek inolako planik ez zutela konstatatutakoan, berez, eszisioan sakondu beharko genuke. Legebiltzarretan jende xehea defendatzen dutela diotenek, aukera dutenean ez dutela defentsa hori muturrera eramaten, errealismoa beti jartzen dela hipotesi suntsitzaileenaren alde. Legebiltzarrek gehiago balio dutela gaur esperantzaren potentziari etsipena sortzeko. Balio dutela etorkizuneko eta iraganeko irudiak (rei futurae, vel praeteritae) zapuzteko ahalik eta gehien. Legebiltzarrak direla denbora eteteko tresnak denbora eten ezin denean, esperantza denean oso hauskorra den poz bat, irits daitekeen eta iristen ez dena (helduko dela, helduko dela, eta egunero dugu bezpera). Legebiltzarrek egiten dutela pasio tristeen alde, kontinente guztietan, kapitalaren bermerik bermeena, esperantzaren kontrariorik konstanteena, bizitza ulertuz hauteskundeetatik eta ez politikatik.

Idazten zuen Eric Hazanek «oraintxe bertan sortu behar dela itzulezina eta praktikan jarri lehenaldia itzultzea ekidingo duena». Alegia, bizitzeko beste modu batzuk, inori itxoin gabe, gutxiagolegebiltzarrei, gure aldetik, prest daudenekin. Ez ote zuen Leninek idatzi intsurrekzioa arte bat dela, estrategiaren artea, bizitza berri bat pentsatu eta lantzearen artea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.