Lehenengo aldian deskuidu bat izan zitekeen: ekimen berriaren antolamenduak maiz ekartzen du atal bat oharkabean pasatzea. Bestela, pentsa genezakeen azken momentuko bajak maiz gertatu ohi direla eta akaso hura izan zela arrazoia; edo, agian, udalaren zentsurak parte hartzaileren baten ekitaldia bertan behera uztera behartu zuela, horretan eskarmentua baitugu Iruñean. Bigarrenean, kontuan izanda zentsurarena gertakari posible izan daitekeela beti euskaldunen hiri buruzagian, hasiberriaren gorabeherak ezabatu behar ziren ekuaziotik, eta berriz ere euskalduna azken uneko baja izatea zoritxar handia zatekeen. Hirugarrenean inork ez du oraingoz udalaren esku hartzerik salatu. Hiru edizio eta hiruretan euskal idazleren arrastorik ez, ehuneko ehunean. Kasualitatea baztertu behar dugu.
Txalotzekoa da Letraheridas—izena katalanezko lletraferida, 'literaturazalea', hitzetik hartua da— jaialdi feminista-literarioaren abiapuntua, antolatzaileek emakumezkoen ibilbidea literatura eta argitalpen arloetan aztertu, balioetsi eta ikusarazteko helburua baitute. Hilaren bukaeran hasiko den edizioan, aurreko bietan bezalaxe, itzal handiko idazleek osatu dute programa, eta jorratutako gaiak interesa piztu eta eztabaida abiatzen duten horietarikoak dira; baina aurtengo emanaldietan, lehengoen antzera, ez dago euskarazko mintzaldirik, ezta euskaraz idazten duen idazlerik ere. Zergatik? Ez ote dugu zertan euskaraz idazten duten emakumezkoen lana aztertu, balioetsi eta ikusarazi?
Izen posibleak arrapaladan etortzen dira burura: Castillo Suarez, Garazi Arrula, Leire Bilbao. Zalantzarik gabe, interesa pizten dute. Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia, Miren Agur Meabe. Itzal handiko idazleak. Katixa Agirre, Bea Salaberri, Eider Rodriguez... Fede txarreko batek esanen luke jaialdiko hizlariak aukeratzeko irizpideetako bat, idazlearen kalitatearekin batera, euskaraz idatzi ez izana dela.
LARREPETIT
Lletraferides
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu