Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Pijoak nonahi

2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Ez oso aspaldi, bazen tendentzia bat Auñamendietan eta mendebalderaxeago dauden mendate eta bailaretan. Kotxez irisgarriak ziren ertzetan igandezaleak egoten ziren. Mendietan, mendizaleak. Kanpinak toki hibridoak ziren, batzuetan mixitatea zegoen, bestetan kanpinaren araberakoa zen. Eta toki batzuk disputatu ala guztiz galtzen ziren, erabileraren arabera, paisaia zapaltzen zuenaren intentzioaren arabera. Mendi bat alpino eskiarentzako bazen, mendizaleak kanpo geratzen ziren. Mendizaleek izaten zuten lotura bat ekologiarekin ala politika erradikalarekin; eski alpinoak mendia ustiatzen du, da eskiari AHTa trenari dena, ez da iraupen eskia.

Baina uda honetan eta aurrekoan, naturzale ez gutxiri gertatu zaie joan ohi diren tokiak oso aldatuak topatu dituztela, jendetzarengatik. Baina masifikazioa, gizakiaren kasuan, ez da zertan desastrearen pareko izan. Nafar eta gipuzkoar mordoa egon da Landetako camping naturistetan, milaka lagunekin hondartzak partekatzen eta iluntzean hondartza horiek garbi-garbi geratu dira: ez zigarrokin, ez plastiko, ez aldizkari zahar. Badira hogei mila lagunen manifak beren atzean kalea uzten dutenak eta bi kuadrillako taldeak alde egitean zabortegia landatu dutenak. Koxka bat egin du pandemiak alor askotan. Eta bat izan da pijoek toki berriak deskubritu dituztela. Zorionez, oraingoz, sarean komentatuenetara joaten dira, erromesaldian. Horregatik, naturako toki kuttun bat baldin baduzu, egin dezakezun onena da ez esatea non dagoen sareetan. Ahoz bakarrik komunikatzea: ez argazki, ez gomendio, ez literatura. Zeren lehen beren igerileku pribatu pertsonal eta clubetan zeudenek, kontinenteak zeharkatzen zituztenek konbinatuak edateko eta guztion kalea terraza bidez kolonizatzen zutenek natura deskubritu dute. Baina ez dute zaindu eta ulertu nahi, nahi dute garagardo potoa bukatu eta bota, sakelakoen zaratekin isilarazi txoriak.

Halako aliantza bat beharko litzateke orain arte aski harreman txarra izan duten naturzale eta igandezaleen artean, sasia landatzera etorri dira pijoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.